Alternatibaren ustez eskubide zibil eta politikoen atzerakada fasean gaude
BILBO 2010-09-11 Ezkerreko alderdiaren bozeramaile Oskar Matutek, Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzitako hainbat manifestaldiren harira, “jasaten ari garen eskubide zibil eta politikoen atzeradaka izugarriak” sortzen dion kezka adierazi du. Matuteren ustez botere publikoei “sekulako urduritasuna darie garai berriotan” eta honek guztiak terrorismoarekin zer ikusirik ez baizik eta “batzuei sekulako beldur eta kezka sortzen dien testuinguru politiko berriarekin” dago lotuta.
Alternatibaren bozeremailea espainiar sistema politikoan manifestazio eta aldarrikapen eskubideak duen berme judizial eskasaz harritu da. “Pentsa zitekeen gai batzuk, manifestazio eskubidea kasu, ustezko Europa demokratiko horren funtsa bera zirela” adierazi du Matutek. Azkenik, bozeramaileak “hau gure herrian irekitzen den aro berrian oztopo bat besterik izan dadin” itxaropena adierazi du; izan ere, bere hitzetan “ez dugu utziko bakearen, giza eskubideen eta denontzako eskubideen trenak bere bidetik atera dezaten”.