Alternatibak gaur adierazi duenez, datorren udal eta foru hauteskundeak aukera aparta izango dira euskal eskuma hegemonikoari –PP, UPN, PNV, H1! eta PSE alderdiei– aurre egingo dien ezkerreko indar subiranisten metaketa bermatzeko, beti ere bide baketsu eta demokratikoak bitarteko. Ideia hau Alternatibaren lehen Nazio Biltzarra gidatuko duen funtsezko printzipioetakoa da. Honetaz gain, militanteek berretsi egingo dituzte erroko demokrazia, subiranotasuna, feminismoa, antikapitalismoa eta ekologismoarekiko beren atxikimenduak. Aldi berean, 2011ko hauteskundeei begirako estrategia politikoaerabakiko dute alderdi.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek prentsa aurrekoa eman du gaur Donostian –Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari Ander Rodríguez eta antolaketa idazkari Amaia Agirresaroberekin batera– Alternatibaren Lehen Nazio Biltzarra aurkezteko. Larunbatean izango da, Bilboko Arrupe Etxean, eta bertan militanteek erakundearen estatutuak eta emakumeen partaidetzarako erronkak bozkatuko dituzte. Aldi berean, hauteskundeei begira, koalizio politikoak eraikitzeko ezinbestekoak diren printzipioen dekalogoa onartuko da.
Dokumentu honen arabera, estrategia bikoitza mantenduko du Alternatibak: “Udal arloan, posible den heinean ezkerreko indarren metaketa bilatuko dugu, udal guztietan aliantza bera izan behar gabe; foru aldundi mailan, aliantza estrategikoak osatze aldera, hiru herrialdeetarako aliantza bakarra bilatuko dugu, ahalik eta bateragarriena, aipatu helbururantz bidean jarriko gaituena”.
Matutek argitu duenez, Alternatibak ez dio beste siglekiko lehiari ekin nahi, ezta ezkerren banaketa eta lotura-eza areagotu ere. Aitzitik, “zilegitasunez eta behar den tinkotasunez euskal eskuinari -alderdien esparruan PP, UPN, PNV, H1! eta PSE-EEk osatzen dutena- zein Espainiar Erresumatik prestaturiko norbanako eta gizarte eskubideen urraketari aurre egingo dieten indarren metaketaren alde egiten dugu”.
Ildo honetan, “pobrezia, bazterketa, mendekotasuna eta giza eskubideen aurkako erasoak sortzen dituzten status quo-aren defendatzaileei aurre egingo dien euskal ezkerra sortzea helburu estrategiko oinarrizkoa da Alternatibarentzat”. Beraz, jarraitu du bozeramaileak, “gure ahalegina epe luzerako aliantza estrategikoak sortzera bideratu nahi dugu, alderdi politiko zein herri mugimenduek, bakoitzak bere nortasun eta antolakuntza izaeratik, parte hartuko duten aliantza estrategikoak”.
Larunbatean onartuko den dokumentuan, halaber, Alternatibak argi eta garbi egiten du Euskal Herrian bakegintza eta normalizazio prozesu baten alde. “ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu behar du, Gernikako Akordioan esaten den bezala. Honetaz gain, nahitaezkoa da pertsona guztiei giza eskubideak zein eskubide sozial eta politiko guztiak itzuliko dizkien geruza demokratikoa finkatzea. Egungo eskenatokitik -pertsona mehatxatuak, torturak, atxilotze sistematikoak, manifestazio debekuak eta aukera politikoen ilegalizazioa- jauzi egin behar dugu guztiei eskubideak bermatuko zaizkien eta dena ETA da logika maltzurra bertan behera geratuko den batera iristeko”, azaldu du Matutek.
Bestalde, Alternatibak euskal subiranotasunaren aldeko apustua egiten du: “Garbi geratu da Gernikako Autonomia Estatutua eta Foru Hobekuntza legeak epez pasa diren tresnak direla subiranotasun politiko osoa espainiar estatu botereei ematen dien administrazio absurdu baten baitan. Honen kontra, etengabeko eboluzioan eta aldaketan izango den Euskal Herri subiraua da Alternatibaren nahia”.
Printzipio hauek, beste batzuen artean, larunbatean onartuko dira Alternatibaren Lehen Nazio Biltzarrean. “Geure erakundetze ahultasunaz jabetzen gara, noski, baita paradigma berria osatzearen arriskuaz edo ezarri ditugun erronka handien zailtasunaz ere. Baina, bestetik, geure ikuspegien tinkotasunean fedea dugu, Euskal Herriak proiektu honen beharra duelakoan gaude, eta gure proposamenak erabateko zentzua hartzen duen etapa politikoaren atarian gaudela uste dugu”, gehitu du Matutek.