Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdien Bilboko Udal taldeek 2011rako Bilboko Udal Aurrekontuei ezetz esan diete gaur goizean Udaletxearen aurrean egindako kontzentrazioan. Hirurek herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako aurrekontu sozialak eta parte-hartaileak eskatu dituzte.
Aurrekontuak elkarrekin aztertu dituzten aipatutako alderdiek EAJk eta IUk aurkeztutako zenbakiak azken urteetan egindakoaren jarraipen hutsa direla azpimarratu dute. Orain arteko hiri eredu bera jarraitzen dela adierazi dute, “Bilbo kontsumo objektu eta kontsumorako gune bezala”, hain zuzen.
Ekonomia, ingurugiro eta zaintza krisian murgildurik egon arren, EAJk eta IUk eraikuntza eta turismoaren alde soilik egiten duen eredu desarrollista lehenesten dutela salatu dute. San Mames Barrian, Alondegian, Deustuibarran eta ekitaldi handietan neurri gabeko gastua egingo dutela azpimarratu dute.
EAJk eta IUk bultzatzen duten turista eta kongresistentzako hiri ereduaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek “Bilbon bizi diren pertsonentzako hiria eraikitzeko apustu argia” egin dute.
Hirurek aurrekontuak inolako parte-hartzerik gabe egin direla azpimarratu nahi izan dute. “Auzoak ahazten dituen aurrekontu antisozialak dira parte-hartze ezaren ondorioaren isla”.
2007tik Aurrekontua 12 milioi eurotan handitu den bitartean, auzoetarako diru partidak, bai herri lanak egiteko bai kultura suspertzeko, ia %50 murriztu direla aipatu dute Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek.
Era berean, salatu dute aurrekontuek ez dituztela lehenesten esklusioaren aurkako borroka ezta hiritargoan positiboki eragin dezaketen inbertsioak.
Bestalde, aurrekontuen inguruan eramandako dinamika bateratua ezagutzera eman dute. Jakitera eman dute aurreko astean sindikatu, alderdi politiko, auzo elkarte zein eragile sozialekin batzartu zirela eta horren ondorioz, alegazioak elkarrekin aurkeztea eta abendurako aurrekontu partehartzaileak eta sozialagoak aldarrikatzeko mobilizazio bateratu bat egitea adostu zuten.