BILBON, 2011ko OTSAILAren 15ean – Alternatibak datorren larunbatean, otsailak 19, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin du, euskal politika, kultura eta gizarteko 22 ordezkari ezagunek deitutakoa eta bakea zein Sorturen legeztatzea eskatuko duena. Martxa isilak ‘Bakerantz, legalizazioa’ leloa izango du eta gizartearen gehiengoaren borondateari erantzun egingo dio, “indarkeriarik gabeko bidetik aurrera egitea aukera politiko guztiak zilegi direla”.
Ildo honetatik, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gogorarazi du “herritarrak direla, haien botoekin, apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak” eta, horrexegatik, “beharrezkoa” deritzo “ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan” egoteari. Errefusatu ditu, aldiz, “hauteskunde interesei jarraituta euskal gizartearen zati adierazgarri baten botoa bahitzen jarraitzeko legeak sortu eta manipulatzeko asmoak dituztenak”.
“ETAren indarkeria behin betiko baztertuta izango duen garai berriaren beldur diren alderdiak eta erakundeak” egotea deitoratu du Matutek eta, azpimarratu du, halaber, “eskubide zibil eta politiko guztien urraketak gaindituko dituen egoera eraikitzea beharrezkoa dela gatazka gainditzeko”. Hori dela eta, Alternatibako bozeramaileak Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustatutko Nazioarteko Harreman Taldeko kideen bitartekaritza txalotu du.