Espainiako Gobernua lobby nuklearraren presioen aurrean berriz ere makurtu dela deitoratu du Alternatibak, “hamaikagarren aldiz, industriaren interes ekonomikoak ingurumenaren eta osasunaren gainetik jarri dituelako”.
Alternatibako Ekologia Mahaiko arduradun Asier Vegak Espainiako Gobernuak ireki duen aukera legalaren inguruan hitz egin du, Espainiako zentral nuklearrak 40 urtetik gora ere martxan jarraitzeko, denbora horretarako diseinatu bazituzten ere. “Zentral nuklearren bizitza luzatzea politika energetikoaren arazoa saihestea da eta PSOEk orain arte izan duen jarrerarekin talka egiten du, hauteskundeetan agindutakoa betetzeko gai ez dela erakutsita”.
Ezkerreko alderdiaren ordezkariak gaineratu duenez, “ezin ahaztu EAJk Zapaterori eskainitako laguntza ordainezina honek eskumarantz egiten duen bakoitzean”. Horren harira, PSOE noren menpe dagoen argi utzi dutela azpimarratu du Vegak: “Pentsioen eta lan merkatuaren erreforman merkatuen aginduetara zeuden eta politika energetikoan, aldiz, lobby nuklearraren aginduetara. Bitartean, herritarrek politika lazgarri baten ondorioak pairatzen dituzte”.