Alternatibak “esperpentikotzat” jo du Sortu “ETAren tresna hutsa” dela “inongo froga fidagarririk gabe” dioen txosten poliziala. Aldi berean, Espainiako gobernuari sorgin ehizarekin amaitu dezan eta susmoaren itzala zabaltzeari utzi diezaiola eskatu dio. “Egunkaria eta Udalbiltza auzietan gertatu bezala, txosten polizialek ETArekin lotura izatea leporatu diote Sorturi inolako froga barik”, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azaldu duen legez. Gainera, txostenok Alternatiba aipatzen dute Ezker Abertzalearekin akordio estrategikoak izateagatik.
“Hau guztia ondorioztatu dutenek Egunkaria itxi eta Udalbiltzako kideei terrorista deitu zieten indar polizial berak dira. Espainiako gobernua arinkeriaz salatzeko ohitura dauka Euskal Herrian. Izan ere, herri honetan susmoaren orbana tesi ofizialak kolokan jartzen dituen edozein gizarte eta politika arlora zabaltzen da”, salatu du bozeramaileak.
“Orban hau Alternatibara heltzen ari da”, Matuteren hitzetan. Alternatiba Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren txostenetan agertu da Ezker Abertzaleko kideekin akordio estrategikoak lortu dituelako. “Gurea hutsik gabeko ibilbide demokratikoa da eta ez dugu onartuko inork bakearen eta normalizazio politikoaren alde daukagun konpromisoa zalantzan jarri dezan, horren alde denbora luzea daramagulako borrokan”, ohartarazi du buruzagi ezkertiarrak.
Hori dela eta, Espainiako Gobernuari sorgin ehiza bukatu dezala eskatzeaz gain, Matutek “indarkeria mota guztiak euren estatutuetan errefusatzen duten alderdi zein lagunak” seinalatzeari uzteko eskaera egin dio, jarrera horrek demokraziaren kalitatea kaltetzen duelako, hain zuzen.