Asier Vega Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak Auzitegi Gorenaren epaiarekin izandako kolpeagatik REEri ordaindu nahi izatea egotzi die PSOE, PP eta EAJ alderdiei, Penagos-Güeñes lerroko azken zatia bertan behera utzi baitzuen epaileak, “haien enpresa adiskideen neurrira eginiko eredu energetikoak sustatzen dituzte; politikariak baino, enpresaburuak dira”.
Alternatibak lotsagabekeria deritzo Euskadiko tentsio handiko lerrorik handiena eraikitzeko asmoari
BILBOn, 2011ko MARTXOAren 7an – Alternatibak tentsio handiko lerro berria eraikitzeko Red Electrica Española (REE) konpainiaren asmoa salatu du, Bizkaia eta Gipuzkoako inguru naturalei kalte egingo liekeen 72 kilometroko sarea. Asier Vega Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak Auzitegi Gorenaren epaiarekin izandako kolpeagatik REEri ordaindu nahi izatea egotzi die PSOE, PP eta EAJ alderdiei, Penagos-Güeñes lerroko azken zatia bertan behera utzi baitzuen epaileak, “haien enpresa adiskideen neurrira eginiko eredu energetikoak sustatzen dituzte; politikariak baino, enpresaburuak dira”.
Euskal Herriaren “hondamendi naturalaren errudunei halako azpiegitura zertarako behar dugun azaltzeko” galdegin die Vegak, “gizartearentzat zer nolako onurak ekarriko dituen argi dezatela”. Sare elektriko berria AHTren aitzakiarekin egin nahi izatea ere kritikatu dute Alternatiban, “horren beharrik ere ez dagoelako”.
Alternatibako Ekologia Mahaiko ordezkariak bere taldeak Abiadura Handiko Trenaren gainean duen iritzia gogorarazi du. Euskal Herriak azpiegitura horren beharrik ez duela ziurtatu du, “ez baitio euskal herritarren mugikortasunerako benetazko beharrei erantzuten eta, gainera, ingurumenarentzat ondorio lazgarriak izango ditu, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun ondare iluna da”. Era berean, diru publikoa “xahutzeko” bidea dela nabarmendu du, “benetako zarrastelkeria, eta are larriagoa krisialdiaren testuinguruan eta administrazioak eskubide sozialak modu lotsagarrian murrizten ari direnean”.