Alternatibak dio Sortuk “pauso erraldoia” eman duela eta Espainiako Gobernuari “egin behar duena egiteko ausardia politikoa” eskatu dio: “Alderdia legeztatzeko”
ETAren balizko atentatuak eta bestelako indarkeria ekintzak errefusatzen dituen Sorturen gaurko komunikatuak “euskal gizarteak eskatzen zuen bakerako urrats definitiboa eman dela egiaztatzen” duela uste du Alternatibak, “dagoeneko inork zalantzan jarri ezin duena”. Horrexegatik, Espainiako Gobernuari “egin behar duena egiteko ausardia politikoa” exijitu dio: “Alderdia legeztatzeko”.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek alderdiaren komunikatua aztertu du, Lehendakariaren aurkako ETAren balizko atentatua zein Gasteizen eta Portugaleten emandako bortizkeria eta mehatxu ekintzak errefusatzen dituena. “Adierazpen hauek poliziaren txostenak dioena, Sortu ETAren tresna dela, ezeztatzen dute eta indarkeriari bizkarra ematen dion talde politikoa dela baieztatzera datoz”.
Matutek esan duenez, “ezker abertzaleak pauso erraldoia eman du. Sortuk euskal politikagintzaren aro berria abiatu du, orain ez baitago Euskal Herrian ETAren ekintza bortitzak justifikatzen dituen alderdirik; hartara, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.
Ildo beretik, buruzagi ezkertiarrak azpimarratu du “gizartean bakearen aldeko olatua dagoela, normalizazioa politikoa eta Euskal Herrian eskubide zibilak berresartzeko eskatzen duena. Alternatibak argi dauka horren alde egingo duela”.