Etxez etxeko laguntza zerbitzua beregain hartzea eskatu diote Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek Bilboko Udalari
Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek elkartasuna erakutsi nahi diete martxoaren 4tik aldizkako grebak burutzen ari diren Bilboko Etxez etxeko laguntzaren langileei. Hiru alderdiek larritzat jotzen dute publikoa izan behar zuen zerbitzuaren gaur egungo egoera prekarioa. Hiru alderdi ezkertiarrek gai honekiko Udalak duen jarrera salatu dute. Ezker abertzalea, EA eta Alternatibaren aburuz, etxez etxeko laguntza herritarrentzako garrantzi handiko zerbitzua da, bai menpekotasuna duten pertsonentzako zein euren zaintza-lanaz arduratzen diren familientzako. Aipatutako lanok, batez ere, emakumeek betetzen dituztela azpimarratudute hirurek.
EAJk eta IUk bultzatu duten zerbitzuaren prekaritatea kezkagarritzat jotzen dute. Zerbitzuaren kalitatea alde batera utzi eta etekin ekonomikoak soilik lehenesten dituzten enpresa pribatuen kudeaketak era bikoitz batean eragiten die emakumeei, zerbitzu honen eskatzaileei zein laguntza eman behar duten langileei. Aurrekontuko murrizketak egiteko krisiaz baliatzea leporatu diote Udalari Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek – etxez etxeko zerbitzurako diru-partida 17 milioi euro izatetik 2010 urtean, 15,9 milioi izatera 2011 pasatu da, hau da %6,47 gutxiago. Zerbitzuak dituen benetako eskariak aintzat hartu gabe ezarri dituzte murrizketok. Ez da egon inolako planifikaziorik eta, hau gutxi balitz, Bizkaian menpekotasun bat duten herritarren %46k ez du inolako kanpoko zerbitzurik jasotzen, eta hala jasotzen duen Foru Aldundiak egindako txosten bat ekarri dute gogora. Azkunak eta Madrazok gai honekiko euren jarrera justifikatzeko erabiltzen duten argudioa – familiek, asistentzia baino, zuzeneko laguntzak lehenesten dituztela – funtsagabea da erabat. Prestazio ekonomikoek, kasu gehienetan, kontratazio partikular prekarioak eragiten dituzte eta baldintza prekario horiek pairatzen dituztenak emakumeak izan dira, batez ere atzerritarrak eta lan eskubide gabekoak, azpiko lana eta iruzurra bultzatuz.
Etxez etxeko zerbitzuaren desegitea berez urria den zaintza-sistema kontrako erasotzat eta, bereziki, emakumeen eta zerbitzu sozial baten oinarrien aurkako eraso zuzentzat hartzen dugu. Hori dela eta, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek Bilboko Udal gobernuari eskatu diote zerbitzu sozial honen kudeaketa zuzena berreskuratzeko eta sektore publikoa ekonomiaren motorea izan daitekeela erakusteko. Hiru alderdi ezkertiarrok argi daukagu laguntza ekonomikoak egotea ezin dela aitzakia izan oinarrizko zerbitzuak desegiteko. Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek EAJri zein IUri herritarren eskubidea den menpekotasunari aurre egiteko arretaren kudeaketa publikoa bermatzeko eskatu diete.Bukatzeko, gure babes osoa erakusten diegu enpresa komiteak antolatutako ekimen guztiei.