Eusko Alkartasunak eta Alternatibak Nafarroako lekukoari heldu diote eta ezkerreko subiranistekin bilerak iragarri dituzte Hego Euskal Herri osorako ahalik eta subjektu elektoralik anitzena lortzeko asmoz
Bilbon, 2011ko martxoaren 29an
Eusko Alkartasunak eta Alternatibak aldaketarako deia egin zuten nafar ordezkarien lekukoari heldu diote, herrialde horretan ez ezik, Hego Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.
Erakunde biek, ezker abertzalearekin batera Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zutenak, beharrezkotzat jo dute euskal gizarteari subjektu elektoral berria aurkeztea, ezkertiarra eta subiranista, sigletatik eta hauteskundeetatik haratago gogoak bilduko dituena eta gure herrian aldaketa gauzatzea ahalbidetuko duena.
Hala, ezkerreko subiranotasuna, betorik eta bazterketarik gabekoa, ordezkatuko duen eskaintza plazaratzeko lanean hasiko direla iragarri dute. Joan den larunbatean, Lizarran, Nafarroako milaka herritar ordezkatzen dituzten indar politikoek subjektu abertzale, azkertiar eta aurrerakoi bat sortzearen alde egin zuten, bakarrik bide demokratiko, bakezale eta demokratikoetatik aldaketa politikoa eta soziala sustatuko duena, eskumari eremu guztietan aurre egingo diona.
Gaur goizean eginiko bileran, erakunde biek egitasmo horrekin bat egin dute eta eremu guztietako ezkerreko indar subiranistekin harremanak hasiko dituztela iragarri dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko helburuan indarrak biltzeko. Larunbatean Lizarran irekitako lan ildotik aurrera egin eta lan egiteko prest dauden pertsona independenteak badirela jakinda, harremanak berehala hasiko
dituzte erakunde bietako ordezkariek.
Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren ustez, abagune politiko berria ilusioz beterik dator, zeinetan ezker anitzek, subiranistak eta independentistak, Euskal Herrian aldaketa sakona eragingo duen agenda bateratua jorratzeko prest dauden. Horixe bera da, bi erakundeetako ordezkarien arabera, milaka eta milaka euskal herritarrek duten itxaropena eta eskakizuna, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen Euskal Herri baten alde borrokatzeko.
Eusko Alkartasuneko eta Alternatibako bozeramaileek adierazi dutenez, datozen foru eta udal hauteskundeak eraketa prozesu baterako bultzada izan daitezke, hauteskundeetan amaiera izango ez duena eta Euskal Herri subiranoa eraikitzen saiatuko dena, behetik eta ezkerretik.