Alternatibako Nazio Asanbladak udal eta foru hauteskundeetara Eusko Alkartasunarekin eta independente ezkertiar eta subiranistekin koalizioan joatea erabaki du
BILBON, 2011ko APIRILAren 2an – Alternatibako Nazio Asanbladak baiezkoa eman dio maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara Eusko Alkartasunarekin eta independente ezkertiar eta subiranistekin koalizioan joateari, Euskal Herria Ezkerretik akordioan hartutako konpromisoak berretsita.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek positibotzat jo du koalizioa sortzea, erakundeak bere hastapenetatik adierazi duen borondatearekin bat datorrelako. “Alternatiba jaio zenetik, herri honek behar eta espero duen ezkerreko indarren bilkura ahalbidetu eta gauzatzea izan du proiektu nagusia. Bada, beraz, lehendabiziko urrats bat, hauteskundeetan amaiera izango ez duena, Euskal Herrian aldaketa sakona eragiteko sortutako apustu politikoa izango baita”.
Alternatibak bere ezaugarri propioak gordeko dituela ziurtatu du Matutek, pertsona eta herri guztietarako eskubide guztiak aldarrikatzen jarraituz, “batzuk besteen aurretik lehenetsi gabe”, agenda feminista, subiranista, errotiko demokrazioa zalea eta eredu ekonomiko alternatiboaren aldeko apustua babestuko duena.
Alternatibako bozeramaileak esan duenez, “egungo krisi egoerak, pertsona zein taldeen eskubideak urratzen ari direnean, aldaketa sakonak egiteko beharra inoiz baino ageriagoa da, eredu sozio-ekonomikoaren aurrean alternatibak eskaintzeko”.
Azkenik, Matutek nabarmendu du garai berri honetan udal eta foru erakundeek izango duten garrantzia: “Tokikoa funtsezko eremu estrategikoa da herri proiektu berria balio alternatiboetatik eraikitze aldera. Aukera hau baliatu beharra daukagu eskubide guztiak, bazterketarik eta lehentasunik gabe, politikaren erdigunean kokatzeko”.