Eustatek EAEko I+G gastuaren inguruan argitaratutako azken emaitzak Enkarterrik pairatzen duen utzikeria berrestera datoz. Izan ere, eskualdeko barne produktu gordinarekiko (BPG) eskualde bakoitzak ikerketarako eta garapenerako gastatzen duenaren sailkapenean azkena da Enkarterri. Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Jonathan Martinezek salatu duenez, “arazoa ez da bakarrik salkapeneko azkena izatea, portzentaia hutsaren parekoa izatea baizik, %0,01ekoa ,hain zuzen ere”. I+G inbertsioa Enkarterrin Bizkaian baino 185 aldiz txikiagoa da, Europakoa baino 200 aldiz txikiagoa, Finlandiakoa baino 400 txikiagoa eta Debagoienan baino 460 aldiz baxuagoa da; aipatutako bakoitzaren aberastasunaren araberako gastuaz ari gara betiere.
Martinezek deitoratu duenez, Enkarterriko datua eskualdean azken urteetan gertatzen ari denaren isla besterik ez da: “Enplegu galera etengabea eta geldiezina da eta horren atzean industriaren desagerpen basatia dago”, Alternatibak sarritan salatu duenez. Azken bost urteetan, langabezian dauden lagunen kopuruak %77,4 egin du gora eta eskualdea %12,5eko langabezia dauka, Alonsotegi, Güeñes, Balmaseda eta Turtzioz bezalako herriak EAEn langabeziarik handiena duten eskualdeen artean daudela.
Enkarterrik bizi duen egoera lazgarriaren aurrean, datuok Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskualde oso bat erabat ahaztu egin dutela berresten dutela azpimarratu du Alternatiba, “Bizkaiko gizarteak bakarrik entzuten ditu Enkarterriri buruzko albisteak enpresaren bat ixteko zorian dagoenean edota Karrantzako Minda bezalako gertaera eskandalagarriak azaleratzen direnean”. Industriatik haratago, lehen sektorearen egoera ere oso larria da, nekazari eta abeltzainen ustiategien kopuruak behera egin du nabarmen, politika agrodindustrialen ondorioz.
Alternatibako batzarkideak “entzungor” egitea leporatu dio Jose Luis Bilbaoren Gobernuari, “non daude hauteskunde garaian agindu zituzten proiektuak, Alonsotegiko Habidite kasu, eta ehunka lanpostuak?”. Ildo beretik, foru gobernuari Alternatibak aurkeztu eta aho batez onartutako arauz besteko proposamena berehala bete dezala galdegin dio, Enkarterrin enplegua sustatzeko plan berezia martxan jartzea eskatzen duena.