Bilduk gaur aurkeztu ditu udal eta foru hauteskundeetako Bilboko zein Bizkaiko hauteskunde-barrutietako zerrendaburuak. Aurkezpenean zerrenda bietako hogeita hamar hautagai izan dira. Bilboko alkategai Txema Azkuenagak, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburu Joseba Gezuragak eta Bilboko zerrendako laugarren hautagai Ana Etxartek hartu dute hitza.
Ana Etxartek adierazi du Bilduk iragarritako aldaketa politikoan “oinarrizko tresna” izan nahi duela. Euskal politika ezkertiarren barruan ibilbide desberdinak izan arren, “Bildu desadostasunak alde batera utzi eta batzen gaituen guztia lehenesteko gai izan delako”. “Bizkaiak desgobernu urte larregi pairatu behar izan ditu, besteak beste, krisi ekonomikoa eta soziala, eskubide indibidual eta kolektiboen urraketa”, hautagaiaren hitzetan.
Etxartek argi dauka alderdi hegemonikoek ez dutela inolako aldaketarik nahi: “Ez dute nahi euskal ezkerraren ahotsa ozen entzun dadin, kalean zein erakundeetan, aurrez aurre eta demokratikoki egotea. Beldur dira baina entzungo digute”. Bilduko hautagaiek jakin badakite aurretik duten bidea ez dela “samurra” izango, agintean dauden alderdiek “krisia ordaintzen jarraitu dezagun nahi izango dutelako, murriztutako demokrazia areagotuz, askatasunak mugatzen jarraituz, patriarkatuari eutsiz eta desarrollismoari ekinez”.
Inposizio hauen aurrean, Bilduk “bestelako eredu ekonomiko eta sozialaren alde” egingo du, hau da, “bidezkoagoa den eredu bat, demokrazia osoa, zuzena eta parte-hartzailea, eskubide zibil eta politiko guztien aldeko defentsan aktiboki ari den Bizkaia baten alde, baita emakumeen parte-hartzea bermatzen duen berdintasunezko eredu sozial baten alde”.
Txema Azkuenaga Bilboko alkategaiak “aldaketa politikoa eremu guztietara” eramatearen aldeko apustua egin du, “baita Bilbora ere”. Bizkaiko hiriburuak aldaketa handiak izan ditu azken urteetan baina, aldaketa hauek “noren onuran eta zeren truke?” izan diren galdetu du. Bilbori buruzko diagnostikoa eginda, “argi dago aldaketak auzoen kontra doazela eta auzoen partaidetzarik gabe egiten direla”.
Bilduk salatu duenez, EAJk eta Ezker Batuak, “PP eta PSOEren isileko babesarekin bazterketa politikoa baliatu dute inolako oposiziorik gabe herritarren beharrak asetzen ez dituen itxurazko hiri eredua sortzeko”. Azkuenagak gaitzetsi duenez, “bi abiaduratako Bilbo” eriakitzen ari dira, “erdialdearen eta auzoen arteko desorekak gero eta handiagoak” direla. Gogorarazi du, halaber, langabezian dauden bilbotarrak 27.000tik gora direla, “laguntza sozialak murrizten dituzten bitartean”.
Azkuenagak, bestetik, egungo alkatearen jarrera salatu du, “Euskal Herrira baino Madrilera begirako hiria” zuzentzen duelako eta “euskara zein euskal kultura arbuiatzen ditu, auzo elkarte eta eragileekin egiten duen bezala”. Honen aurrean, alkategaiak ziurtatu du “Bilbok bizi duen defizit demokratikoari konponbidea” emango diola, Bilduk herritarren parte-hartzea oinarrizko printzipio gisa ezartzera doalako.
Joseba Gezuragak Bilduk eragin duen ilusioa nabarmendu du eta koalizioak “Euskal Herriko panorama politikoan” aldaketa eragingo duela iragarri du. Autodeterminaziorantz doan Bizkaia zein Euskal Herri osoa eraikitzeko apustua egin du, eta hori lortzeko “ezinbestekotzat” jo du lurraldeen arteko politika komunak ezartzea. Zentzu honetan, ezinbestekotzat jo du “baliabideak hobeto erabili” beharra, eskumenen bikoiztasunarekin amaituz eta Lurralde Historikoen Legearen aldaketa sakona sustatuz.
“Biztanle, herri eta eskualdeetan” oinarritutako Bizkaiaren alde egin du Gezuragak. Lurraldearen antolamenduko politika desegokiak eragindako “egungo desoreka sozioekonomiko nabarmenak” zuzentzeko helburua du Bilduk. Irtenbidea, bere ustez, eskualdeen arteko zein gainontzeko Euskal Herriko eskualdeekiko “garraiobide eta zerbitzuen maila” orekatzean datza. Bilduk justizia sozialaren aldeko apustua berretsi du, politika fiskalaren iruzurrarekiko borroka areagotuz.
“Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako politika erregresibo bezain bidegabea, errentarik altuenei mesede egiten diena, hain zuen”, Gezuragaren hitzetan. Koalizio ezkertiarrak tarterik altuenekiko presio fiskala handitzearen alde egingo du, “gehien duenak gehien ordain dezan”. Aldi berean, ondarearen gaineko zerga berreskuratzearen alde ariko da, baita sozietate zerga PFEZrekin parekatzera ere.
Azkenik, Gezuragak Bilduren beste proposamen batzuk aurreratu ditu, besteak beste, Herritargoaren Oinarrizko Errentaren sorrera. Era berean, iragarri du hemendik gutxira Bilduren programari buruzko xehetasun gehiago jakinaraziko dituztela.