Erronka hauek lortzeko bidean, Bildu Gipuzkoa egitasmo berritzaile, anitz eta eraldatzaile honekin konpromiso irmoa hartu duen taldeaz baliatuko da. Hautes-zerrendetan sindikatuen, kulturaren edota komunikabideen arlotik datozen hautagai independenteak daude, besteak beste, Martin Garitano (Gara egunkariko kazetaria eta Infozazpi irratiko esataria), Idoia Ormazabal (Hezkuntza arloko sindikatuetako ordezkaria) edota Elene Armentia (soziolinguista eta Elhuyar-eko aholkularia).
Eusko Alkartasunako kideen artean, udal-kudeaketan eta erakundeetan eskarmentu handia duten hautagaiak daude, besteak beste, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga, Onintza Lasa Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna eta legebiltzarkide ohia edota Josu Ruiz, Donostiako Turismo zinegotzi izandakoa.
Bilduko hautes-zerrendan Gipuzkoako Batzar Nagusietan Alternatibako ordezkari diren Ander Rodriguez arrasatearra eta Jon Lasa donostiarra ariko dira. Eurekin batera, Enrique Martinez Florez abokatua izango da, militante ezkertiar ezaguna.
Bildu Donostia
Bildu Donostiak ere Gipuzkoako hiribuko zerrendaburuak aurkeztu ditu gaur. “Aldaketarako ilusioak eta Donostiak behar duen eraldaketa sozialak” bultzatuta, Bildu Donostiak politika ezkertiar, euskaltzale, partehartzaile, feminista eta jasangarrietan oinarritatutako kudeaketarekiko bere konpromiso irmoa helarazi nahi die herritarrei.
Gizon-emakume independenteek, Alternatibako eta Eusko Alkartasunako kideekin batera osatzen dute Bilduren hautagaitza. Bilduren hautes-zerrendan Juan Carlos Izagirre sendagile igeldotarrak bezala, auzolanarekin konpromiso sendoa duten hautagaia izango da. Izagirre zerrendaburua Itxas Aurre plataformako bozeramailea baita.
Izagirrerekin batera, udal-kudeaketan eskarmentu handia duten Josu Ruiz (EAko kidea, enpresa ikasketak egin dituena eta 1995etik 1999ra Turismo zinegotzi izandakoa) edota Alternatibako kide Jon Albizu (Zientzia Politikoetan lizentziaduna, zortzi urtez sail desberdinetan aritu dena: Herritarren partaidetza, Berdintasuna, Hezkuntza, Kirolak, Euskara eta Lankidetza).
“Guk osatzen dugu Bildu Donostia. Auzoak mimatzen dituen hiriaren aldeko apustua egiten dugu eta herritarrei ilusioa, lana eta konpromisoa eskaintzen dizkiegu. Ez dugu nahi erakusleiho hutsa den Donostia, baizik eta gauzak aldatu nahi ditugu herritarrekin batera eta herritarrentzat”, laburbildu dute.