Jazarpen politiko bortitza salatu du Bilduk eta PSOEren Gobernua Aznarren ministroen aginduetara makurtzea deituratu du
Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independete ezkertiar eta subiranistek osatutako Bilduk Rubalcaba eta Trillo jaunek koalizioaren zerrenda guztien kontra egiteko akordioaren berri izan du prentsari eginiko filtrazioen ostean. Hala, berriz ere demokrazioaren oinarrizko printzipioak urratu eta herritarren partaidetza politikoaren aurka joateko asmoa dutela salatu nahi du Bilduk. Era berean, argitaratutakoa egiaztatuko balitz, euskal herritarrei dagokiena Madrilen, Euskal Herritik urrun, erabakitzen dutela baieztatuko litzateke, eta beste behin ere euskal herritarren eskubideak urratzeko.
Bilduk azpimarratu du jazarpen politikoa eta mediatikoa onartezina dela, are gutxiago, zerrendak aurkeztu aurretik egiten denean eta euskal gizartea demokrazioaren aurkakoa den lege bat erabiltzearekin ohituta egon arren. Izan ere, alderdien legeak milaka herritarren parte-hartze politikoa galarazi du, eta orain legezkoak diren bi alderdien eta ezkertiar independentisten aurka bortizki egitera doa.
PSOE PPren aginduetara makurtzea deitoratzen du Bilduk, eta ekintza horien helburua euskal erakundeetan maiatzaren 23tik aurrera eman daitekeen aldaketa politikoa geldiaraztea dela salatu du, Bilduk bide politiko, bakezale eta demokratikoen alde eta era guztietako indarkeria formak arbuiatuz adierazitako konpromiso eztabaidaezin eta ukaezinaren inguruan susmoak ezarri nahian dabiltza, PP-PSOE binomioaren mesederako errealitate elektorala berresteko, gizartearen nahiak faltsutzen duen errealiteta, Eusko Legebiltzarrean bezala, herritarren botoa ordezkatzen ez dituzten erakundeak lortzeko. Laburbilduz, zeren beldur dira Rubalcalba eta Trillo jaunak? Bada, maiatzaren 22an susto ederra hartzea espero dute, Euskal Herrian aldaketa politikoaren eta sozialaren aldeko milaka boto jasoko ditugulako.
Guzti hau berretsi du Ertzaintza Bilduren hautagaitzak ikertzen hasi dela ziurtatzen duen informazioak, Madriletik Rubalcabak agindutakoa betetzen hasi da Rodolfo Ares.
Jazarpen polizial, juridiko eta mediatikoaren aurrean, Bilduk bere apustua berretsi nahi du, indarkeriaren eta mehatxu ororen kontrakoa, pertsona guztien eskubide zibil zein politikoen aldekoa eta Euskal Herriko milaka herritarren botoa bahitzen duen legearen aurka.