BILDUk bere egiten du euskal baserritarrek elikadura subiranotasunaren alde abiatu duten borroka. BILDUrentzat, ez dago subiranotasun politikorik herri bat ez bada gai bere burua elikatzeko eta nekazal ekonomiak bultzatzeko. Hau da, ez bada gai baserritarrentzat diru sarrera eta lan baldintza duinak bermatzeko, herritarren kontsumo osasuntsu eta arduratsua sustatzeko eta ekologiari dagokionean orekatuak diren guneak sortzeko.
Erralde hiltegitik gertu gauden honetan, hiltegi honek irekitako bidea txalotu eta sostengatu nahi dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak Zorrotzako makrohiltegiaren alde egin zuen bere garaian, penintsulako hiltegirik handiena eraikiz kanpotik ekarritako abelburuak hiltzeko batez ere eta negozio hutsean oinarriturikoa. Erralderi xentimo bat ere eman ez zion arren, gaur egun,
Zorrotzako hiltegia itxita dago porrot egin baitzuen; aldiz, Erralde hiltegiak aurrera darrai, tokiko abeltzainei zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa ematen jarraituz, elikadura subiranotasunari bultzada emanez, abeltzainei prezio duinak eta egokiak eskainiz, komertzializazio zuzena sustatuz gure herrialdeko harategien bidez, proiektu errentagarria bihurtuz, eta noski, erosleari, tokiko haragia kontsumitzen duela eta tokiko abeltzainei sostengua ematen diela bermatuz. Erralderen eredua da etorkizuna, nahiz eta oraindik ere PNVk nekazaritza eta abeltzaintza, baserritarren izerdiaren kontura gutxi batzuek negozioa egiten jarraitzeko bidea dela pentsatzen duen arren.
Tamalez, ezkerrek, historikoki, baserritarren eskariak alboratu egin izan dituztela onartu beharrean gaude. Beste batzuk omen ziren aldaketaren eta iraultzaren protagonista, beste batzuk ziren lehentasunak, eta baserritarrei bigarren mailako funtzioa gordetzen zitzaien, azalekoagoa. BILDUk publikoki onartzen du akats hau eta gure landa indartzeko zein AmaLurra babesteko nekazal borrokak aldaketaren zati funtsezko direla aldarrikatu nahi du, bere buruaren jabe izan nahi duen herri baten isla direlako, irizpide jasangarrien arabera kudeatuko den herri baten isla.
Hala, elikadura subiranotasuna eta agroekologia bere agenda politikoaren baitan txertatuz egin nahi dio aurre aipatutako bidegabekeria historikoari.
Eta berebiziko garrantzia duen unean egin dugu, gainera, izan ere gure landaren desagerpena, baserritarren euren desagerpena jokoan dagoen unean egin baitugu. Zer etorkizun du herri honek gure bizitzaren eta janaren oinarria bera zimeltzen uzten badugu?
Zoritxarrez, Bilbao jaunaren politika kapitalista eta neoliberalak ezarri dute daukagun egoeraren ildoa. Bere eskutik ireki da deuseztapen bide hau, borrokan ari den nekazal sindikalismoarekiko harrokeria, mespretxu eta zabarkeriaz landaturiko bidea. Guk elikadura subiranotasunaren alde egiten dugun bitartean, eurek eredu agroindustrialaren alde egiten dute, enpresa bitartekari handien interesen mesedetan; epez kanpoko eta denboratik erabat aparte masiboki kontsumitzeko kultibo bakarrak sustatzen dituzte; ura eta lurra bezalako natur ondasunen pribatizazioa eta espekulazioa sustatzen dituzte; baserritarrek haziak elkartrukatzea krimen bihurtu nahi dute; Euskal Herriak sor zezakeen elikadura inportatzen dute; kontsumitzaileen osasunari ez zaio lehentasunik ematen eta transgenikoen kontagioa gero eta errealitate gertuagokoa bihurtu digute.
Noiz arte jasan beharko dugu etekina eta irabazia bitartekariek eramatea ekoizleen ordez? Noiz arte kriminalizatu behar ditugu nekazal ekonomiak eta hazien elkar trukaketa debekatu edo ezinezko neurri fitosanitarioak ezarri? Noiz arte behartuko dute produktore txikia, alternatiba ezak bultzatutik, kontrolatzen ez dituen produkzio eta salmenta sareetan sartzera? Noiz arte kondenatuko ditugu emakume baserritarrak jabetza eta gizarte segurantza eskubiderik ez izatera?
BILDUk “NAHIKOA DA!” dio. Ekonomia eta gizarte eredu berria nahi dugu, eta elikadura subiranotasuna dugu lehen arloa, proposamen zehatzen bidez: tokian tokiko ekonomia guneak sortzea, herrialde mailan prezioen behatokia sortuz ekoizpenetik kontsumitzaileak erosi arte produktuen prezioen gaineko jarraipena egiteko eta gehiegizko merkataritza praktiken aurrean zehapenak jartzeko aukera izango zuena, kate handiak albo batera utzi eta nekazal ekonomiak sustatzeko. Honetarako tokian tokiko azoka eta merkatuak sortzea, tokiko hiltegien alde egitea, produkzio agroekologikorako kreditu bigunak ematea edo kontsumo arduratsuaren aldeko kanpainak abiaraztea proposatzen dugu. Espekulaziorako zoruaren ordez lurra bera lehenetsi nahi dugu, tokian tokiko plan partehartzaileen bitartez. Euskal Herria transgenikorik gabeko lurraldetzat aldarrikatzea proposatzen dugu, transgenikorik ez Euskal Herrian!. Baserritarren lan eskubideak bermatzea proposatzen dugu. Funtsean, bada, gure landa eremuari eta lurraldeari itxaropena bueltan ekarri nahi diogu. Ama Lurra defenda dezagun!