Oskar Matute: “Bakerako unea da hau, benetako demokrazia parte-hartzailearako eta udalek herritarrek bozetan emandako hitza errealitate bihurtzeko garaia da, eta horretarako armak soberan daude”.
Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, Andoain eta Lasarte-Oriako udal gobernuek bizkartzainak udaletxeetatik kanpo uzteko erabakia txalotu du: “Neurri egokia da, egoera politiko berriaren testuinguruan eta salbuespen egoerak gainditzeko bideanhartutakoa, pertsona guztien eskubide guztienganako errespetua nagusi dela eta armak behin-betiko desagertu behar diren momentuan”.
Alderdi ezkertiarretik azpimarratu dutenez, “bakerako unea da hau, benetako demokrazia parte-hartzailearako eta udalek herritarrek bozetan emandako hitza errealitate bihurtzeko garaia da, eta horretarako armak soberan daude”. “Gure gizartea desmilitarizatzeko gai izan behar dugu, pixkanaka gizarte normalizatua, demokratikoa eta elkarrizketan oinarritua eraikitzeko”. Nabarmendu behar da, gainera, erabakia Bilduko ordezkariek hartu dutela, koalizioaren zerrendetan joandako guztiek bakea eta eskubide guztiak babestearen aldeko dekalogoa sinatu eta bere egin zutela.
Alternatibako bozeramaileak, halaber, ETAren su-etena indarrean dagoela gogorarazi du, “behin betikoa izatea lortu” beharra dagoela. Baina guztiaren gainetik, “euskal gizartea bera da indarkeria mota guztiak eta eskubide urraketak arbuiatu eta gatazka gainditzearen alde egiten duena, M22ko emaitzek adierazten dutenez, parte hartu duten aukera politiko guztiek indarkeria errefusatzen baitutehelburu politikoak lortzeko bidean”.
Madril eta Gasteizko gobernuetako barne sailetako arduradunek egunotan eginiko kritikei dagokionez, Rubalcabak berak asteon esandakoa gogoratzeko eskatu du Matutek, arriskua gutxitu izanaren ondorioz bizkarzain kopurua murrizteko poliziak hartutako erabakia babestu baitu. Honen aurrean, “bizkartzainak udaletxetako atarian uzteak inorentzat arriskutsua denik esatea eta indarkeriak ekarri duen anormaltasuna errealitatea aldaezin gisa jorratzea absurdoa da”.