Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, pentsioen erreforma onartu izana deitoratu du gaur, Kongresuaren Lan Batzordean gainera, “osoko bilkuran eztabaidatu gabe”. Onartutakoa “krisialdiaren aitzakiarekin Zapateroren Gobernuak hartutako neurririk murriztaile, bidegabe eta antisozialenetako bat” dela salatu du. Honezkero, “herritarrak urte gehiago lan egitera eta gutxiago kobratzera kondenatuko dituzte, bizitzaren garairik zailenetako batean”.
Era berean, Matutek erreforma babestea leporatu dio EAJri, “abstentzio konplizearekin”. Egun batzuk dira jeltzaleek negoziazio kolektiboaren erreformak aurrera egitea ahalbidetu zutenetik, abstentzioa erabili izanagatik gustura azalduta gainera: “Espainiako eskuinari gertatzen zaion bezala, badirudi EAJk langileen kontrako politika neoliberalak babesteko konplexuak dituela”.
Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak onartutako legearekiko erantzukizuna eskatu dio EAJri “lan baldintzak okertu izanaren PSOEk eta CIUk beste ardura dauka”. Azkenik, herritarrei patronalaren eraso etengabeen kontra kalean eta modu baketsuan protestatzeko deia egin die Alternatibak, konfrontazioaren aldeko apustua egiten duen euskal gehiengo sindikalaren eta gizarte eragileen eskutik.