Josu Estarronak, Alternatibaren Arabako bozeramaileak, lurralde honetako Batzar Nagusietan “egunotan bizi izan dugun ikuskizun lazgarria” salatu du, Ezker Batua eta Eusko Alderdi Jeltzalea protagonista izan dituen ikuskizuna, hain zuzen ere. Batzar etxean ikusitako “egoera kafkiarrak”, Estarronaren esanetan, “politikan aritzeko eredu berrien beharra berrestera dator”.
Alternatibatik Ezker Batuak eta EAJk eskainitako “jokaera lotsagarria” deitoratu du eta, herenegun esandakoa guztia egia dela frogatuko balitz, “ardura politiko guztiak argitu eta halako joko zikinak Arabako politikagintzatik desagerrarazteko” eskatu zaie bi alderdi horiei.
Orain arte ikusitakoa, alabaina, ikuskizun honen amaiera benetan ote den galdegin du Estarronak, “datozen egunetan BBNNetako beste talderen bat ere tartean egon daitekeela ikusi beharko dugu”. Izan ere, “salerosketa” honetan, bere helburuak bete dituenak “zer azaldu” izango du.
Susmoak baieztatuz gero, Arabako BBNNetan emandako “eskandalurik handienetako baten aurrean” egongo ginatekeela salatu du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak. Horrexegatik, Alternatibak “gertatutakoa argitzeko exijitu” die jokoan parte hartu duten alderdi guztiei, “utz diezagutela gainerako alderdiei herritarrek eskatutakoa egiten, alegia, arabarrentzat eta arabarrekin politika egitea”.