Alternatibako bozeramaile eta Bilboko zinegotzi Ana Etxartek Kukutzaren inguruan Iñaki Azkunak adierazitako mespretxua salatu du “kultura, bizikidetza eta sormenaren gotorleku den proiektu baten kontra”. Horrexegatik, “eraikuntza enpresen adiskideari kalean erantzuteko” deia egin die herritarrei, Ez dira pasako lemapean larunbat honetan, 18:00etatik aurrera, udaletxetik abiatu eta Errekaldeko gaztetxeraino Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartuz. Alternatibaren izenean Ana Etxarte bera izango da elkarretaratzean, Asier Vega Bizkaiko batzarkidearekin batera, besteak beste.
Etxartek Kukutzaren proiektuari eusteko konponbideak daudela berretsi eta Azkunak “arazo pribatuaz” hitz egitea gaitzetsi du, izan ere, Kukutzaren erabilera erabat publikoa dela ikus dezaten gaztetxera bertaratzera gonbidatu ditu bilbotarrak: “Seguruenik, udal gobernuak kudeatutako edozein eraikin baino publikoagoa da”. Era berean, eta udal administrazioak eraikina erosteko aukeraren inguruan jarritako aitzakiari dagokionez, zinegotziak interes orokorreko balizko inbertsioak gogorarazi ditu, besteak beste, Alondegia eraikitzeak izan zuen 30 milioi euroko gainkostua hasierako aurrekontuarekiko edota World Series Bilbao Urban Circuit lasterketaren porrota, “alkateari ez zitzaion hain larria iruditu sei milioi euroko galera Bilbo Scalextrix batean eraldatzea otu zitzaionean”.