Alternatiba Arabak kezka handiz bizi du gure herrialdean azkenaldian industria egituretan ematen ari den deslokalizazio eta desegite prozesua. Saunier Duval, Kemen, Ceplastik eta beste hainbat enpresa historikoen itxierari Daewoo eta, berriki, Esmaltaciones San Ignacio lantegiena gehitu zaizkio. Honekin batera lan itunak negoziatzeko zailtasunak ikusten ditugu, inguruko adibiderik adierazgarriena Mercedes enpresan emandakoa dela, hitzarmena erabat geldirik dagoela.
Arabako langileon kontrako erasoen aurrean, Alternatibak erakunde guztien aldetik esku-hartze handiagoa exijitzen du gatazka hauek konpontzeko. Enpresaburuei ere, haien Sindikatua buru dutela, ardura handiagoa eskatzen diegu, Araban bizi eta lan egiten dugun herritarrekin eta herrialdeko gizarte egiturekin.
Era berean, egoera lazgarri hauek kaltetutako langile guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta Arabako langile guztien eskubideak babesteko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, gainerako alderdi, sindikatu eta gizarte mugimenduekin batera.
Bukatzeko, arabar guztiei dei egiten diegu antolatutako mobilizazio guztiekin bat egin dezaten, gure adiskideeen aurkako erasoak langile guztien aurkako erasoak direlako. Hurrengoa zu zeu izan zaitezkeelako.