Alternatibak “oso larria” deritzo Bilboko Errekalde auzoan gertatzen ari denari, Kukutza “indarrez eta bortizkeriz” baliatuta husteko ahaleginaren harira. Izan ere, Jonathan Martinez Bizkaiko batzarkide ohiak salatu duenez, bilbotarren artean babes zabala duen gaztetxean, proiektu sozial baten egoitzan, “militarren modura sartu dira, Bilbon aspaldi ikusi ez ditugun tankeak ere erabilita”.
Kukutzatik jakinarazi dutenez, erasoan dozenaka lagun zauritu eta atxilolotu ditu Ertzaintzak, hala, “haien burua demokratatzat dutenei eta besteei irakaspenak emateko ohitura duten horiei poliziek erabilitako indarkeria gaitzesteko” eskatu die.
Goizetik, gaztetxera hurbildutako euskal gizartea eta politikako ordezkari ugariren artean, Alternatibako hainbat ordezkari izan dira, besteak beste Oskar Matute eta Ana Etxarte alderdiko bozeramaile nazionalak.