Maite Asensio Lozano – Berria
Bilboko Aste Nagusiko ostegunetik ostiralerako gauean izan zen. Taberna batetik atera ginen, Printze kalean; Erripa kairantz gindoazela, gelditu egin ginen, eta nire bikotekideari muxu bat eman nion. Une hartan likido bat heldu zitzaigun». Hasieran ez ziren ohartu erasoa zena. Kaira jaisteko aldapa bat dago espaloiaren ondoan, eta bi maila daude; besterik gabe, goiko mailatik norbaiti edaria eroriko zitzaiola pentsatu zuten. «Eta orduan entzun genuen: ‘Marikoiak! Joan beste leku batera muxu ematera!’. Aurre egin nien. Haiek aldaparen goiko aldean zeuden, eta gu behekoan; horma bati ezin zaio hitz egin, beraz, igotzen saiatu nintzen, barandari helduta. ‘Zer gertatzen da?’ esatera heldu nintzen… Tipo bat oso azkar hurbiltzen ikusi nuen, eta ukabilkada bat eman zidan hemen, bete-betean». Ezkerreko begia seinalatuta azaldu du erasoa Aketzak; segundo batzuetara, beste ukabilko bat jasoko zuen lepoan, eta bere bikotekideak hirugarrena masailean. «Orduan Poliziari deitu genion, eta sakelakoa hartzerakoan alde egin zuten».
Bilboko festetan salatu ziren hiru eraso homofoboetako bat jasan zuten Aketzak eta haren bikotekideak. Erietxera zauriak artatzera joan zirenean, aurreko egunean eraso egin zioten beste gizon batekin egin zuten topo: «Mamikiren txosnan izan zen. Gay eta lesbiana asko egoten da han, baina halere, kuadrilla bat agertu zen marikoiei buruz gaizki-esaka. Erasoak kontatu zigun haietako batek edaria gainera bota ziola eta kontuz ibiltzeko eskatzean ukabilkada bat jaso zuela». Kolpearen ondorioz, lurrera erori eta buruan zauria egin zuen gizonak; biharamunean ospitalera itzuli zen, buruko minak larrituta.
«Jendartearen isla dira jaiak, eta festa giroan rolak eta estereotipoak biderkatzen dira», dio Alazne Mardarasek, Aldarte gay, lesbiana eta transexualen arreta zentroko langileak. Baina jaietatik kanpo ere izaten dira eraso homofoboak. Bilbon bertan, bi gizon labanaz zauritu zituen gazte talde batek iazko urriaren 31n.
«Nik ez nekien gurean halakorik gertatzen zenik, baina, antza denez, uste baino eraso gehiago daude», azaldu du Aketzak. Izan ere, gehienetan, oharkabean pasatzen dira, are gehiago indarkeria fisikorik ez badago. Gainera, homofobia astungarria da, baina salaketa jartzen zein tramitatzen dutenek ez dute horren berri izaten, Aketzak ziurtatu ahal izan zuenez: «Nik ez nekien, eta udaltzainak ere ez zekien salaketan jar zitekeenik erasoa homofobiagatik izan zela. Baina guk argi geratzea nahi genuen, oso agerikoa izan zelako: mutil-lagunari muxu eman nion, eta eraso egin ziguten, lehenengo edaria botaz, gero hitzez, eta azkenik kolpez».
Oro har, LGTB mugimenduetatik hurbil daudenek baino ez dute salaketa jartzen. «Gertatzen direnak baino askoz gutxiago salatzen dira», ondorioztatu du Mardarasek. Eta horrek zigorgabetasuna dakarrela zehaztu du Aketzak: «Hor dago arazoa: iraintzen zaituen horrek ikusten badu ez dela ezer gertatzen, hurrengoan zerbait gogorragoa egin diezaioke norbaiti».
Erasook agerian uzten dute maitasuna adieraztea arazo bihur daitekeela laztan, muxu edo besarkada bat jasotzen duena sexu berekoa bada. Homosexualek eta lesbianek osatutako bikoteek ikusgaitasun handiagoa duten neurrian, haien aurkako erasoak ere nabarmenagoak dira. «Zibilizatu gabeko gutxi batzuk geratzen dira, ez dutenak inola ere homosexualitatea onartzen. Konturatu dira gero eta gutxiago direla, eta orduan gero eta bortitzago agertzen dira», adierazi du Imanol Alvarezek, EHGAM Euskal Herriko gay-les askapen mugimenduko kideak.
Jatorria: beldurra
Baina nondik dator indarkeria hori? Gizarte heterosexistan kokatu du abiapuntua Alazne Mardarasek: «Gizonek gizon direla frogatu behar dute. Bi neska edo bi mutil muxuka edo laztantzen ikusten dituztenean, erakutsi behar dute indartsuagoak direla. Hori, izatez, ahuldadearen eta segurtasunik ezaren seinale da».
Gizonez mintzatu da Mardaras, gizonezkoak direlako erasotzaile guztiak. «Mehatxuen aurrean, askotan gizonok erabiltzen dugun tresna indarkeria da», dio Mikel Otxotorenak, On:giz berdintasunaren aldeko gizon taldeko kideak. Izan ere, egungo maskulinitate ereduak ezaugarri sexista eta patriarkalak ditu. «Eta hortik ateratzen den guztia mehatxutzat ikusten dugu», azaldu du.
Homofobia kontzeptuak berak adierazten du homosexualekin identifikatzearen beldur direla gizon asko. «Sexismoaren adarretako bat da: gizonok homofobian hezten gaituzte», azaldu du Otxotorenak. Aipatu duen gizontasun eredu hegemoniko hori hiru ezezkotan oinarritzen da: «Ez gara emakumeak, ez gara homosexualak eta ez gara umeak».
Eta gizon izaera hori «etengabe justifikatzen» ibili behar horretatik jaiotzen da homofobia, «mamua», norbere gizontasuna zalantzan jar dezakeenarekiko beldurra, eta erreakzio gisa, ezinikusia.
Indarkeria erabiltzera heldu gabe ere, homofobiak eragina du gizonen eguneroko jokabideetan, Otxotorenaren hitzetan: «Barneratuta daukagu mutilen artean ahalik eta kontaktu fisiko gutxien izan behar dugula. Ikusi besterik ez dago nola elkar agurtzen dugun, sekulako bizkarrekoak emanda, laztanezko besarkadarik gabe; kontaktu fisikoa beti da bortitza, eta askotan kontaktu fisikorik ere ez dago».
Erasotzaile guztiak gizonezkoak diren bezala, eraso gehienak ere gizonak dira. Bilboko Aste Nagusiko hiru salaketetako bi gizonek jarri zituzten, eta iazko urriko erasoan gizonez osatutako bikote bat izan zen biktima. Andreen arteko afektibitate adierazpenak ohikoagoak direla ekarri du gogora Imanol Alvarezek, baina horien pertzepzioa aldatzen ari dela uste du: «Lehen inork ez zuen lesbianismoarekin identifikatzen bi emakume eskutik lotuta ikustea, gauzarik normalena zen. Orain bai: asko aspaldi hasi ziren identifikazioa egiten».
Dena den, emakumeez osatutako bikoteak errazago onartzen al diren galdetuta, Alvarezek erro berera jo du erantzuteko: «Pentsatzen dute emakumeen arteko tentelkeriak direla, baina gizonen artekoa ezin dute onartu, haien gizonkeriaren aurka doalako. Gizon izanda, beheratzea da beste gizon batekin joatea».
Kezkaz bizi izan ditu LGTB mugimenduak udako eraso homofoboak. «Kezkatzeko modukoa da halakoak orain gertatzea, informazio gehiago dagoenean, borroka handiagoa denean», berretsi du Mardarasek. «Eta kezkatzeko modukoa da ikustea gazteen artean zein zabalduta dauden genero rolak. Badirudi etengabe hasten ari garela bidea, egungo gazteak ia-ia aurreko belaunaldia bezain matxista, sexista eta heterosexista datozelako», gaineratu du Alvarezek.
Erasoek, era berean, beldurra eragin dezakete gay eta lesbianen artean. Sexu bereko bikoteek afektibitatea jendaurrean adieraztea oztopa dezake indarkeriak, Otxotorenaren aburuz: «Agerian jartzen zara, jakinda gizarteak homosexual izatea zigortu egiten duela, arlo askotan eta zentzu askotan, modu sinbolikoan bada ere».
Dena den, guztiek argi dute esparru horretan asko geratzen dela lantzeko eta hobetzeko. Izan ere, sexu bereko bikoteek oraindik ere ikusgaitasun murritza dute espazio publikoetan. «Oso gutxi ikusten dira», dio Imanol Alvarezek; «Badakigu proportzioan gutxiago garela, baina ez hain gutxi». Haren ustez, beldurraz gain, ohiturek ere eragina dute. Aketzaren kontakizunean, ordea, beste faktore batzuk antzeman daitezke: «Gerta daiteke Bilbon egotea osaba, auzokidea, amaren ezagunen bat… Niri ere gertatu zitzaidan: hasieran, gurasoek ez zekitenean mutil batekin nenbilela, lotsa-edo ematen zidan».
Hiriak eta herriak
Bilbo aipatzen dute denek, hirietara jo ohi dutelako gay eta lesbiana askok, halako espazioek ematen duten anonimotasunean haien sexualitatea askeago bizitzeko aukera izango dutelakoan. Herri txikietan sexu bereko bikoteenganako presio soziala handiagoa dela uste du Mardarasek, «oraindik». «Bai eta ez», erantzun du Alvarezek, hiri handiagoetara alde egiteko joera hori apurka hausten ari delakoan: «Gero eta gehiagok ematen dute pausoa; beldurra gaindituta, herrian geratzen dira, eta arazorik gabe ageriko bizitza egiten dute».
Izan ere, mezu positiboa gailendu ohi da halakoetan. Norbere sexualitatea eta afektibitatea aske bizitzearen aldekoa. Bada inoiz erasorik jasan ez duenik. Alvarez: «Niri inoiz ez dit inork ezer esan aurpegira; seguru atzetik denetarik esan dutela, baina hor konpon. Batzuetan, hobe da kontuz ibiltzea, baina hori ere erlatiboa da: ezin zara beti neurtzen ibili».
Hain justu, bikote heterosexualek egiten dituzten gauza berdinak egin ahal izatea baino ez dute eskatzen sexu berekoek. «Eskutik helduta joatea, muxu ematea… gauza normalak dira!», dio Aketzak. Erasoaren ondoren, berriro gertatzeko beldur al den galdetuta, irmoki erantzun du: «Ez. Berdin zait. Zer egingo dut? Ostia jaso eta etxean geratu? Eta orain beldurrez? Ez dut nire jokabidea aldatuko».