Alternatibak “poz handiz” hartu du ETAk gaur zabaldu duen agiriaren edukia, Donostiako Nazioarteko Konferentziaren adierazpena bere egin eta, beraz, Euskal Herriko gizon eta emakumeek bakean eta eskubide guztien jabe, inolako indarkeriarik eta mehatxurik gabe, eraiki behar duten etorkizunaren gaineko zaintzari uko egin diolako. Ildo beretik, agiriak “euskal gatazka parametro demokratikoetan konpontzeko atarian kokatzen gaituela” adierazi du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak.
Matuteren ustez, “heldu da garaia eragile guztiek egoera berria baikortasunez, ilusioz eta ausardiaz har dezaten gure herriari eskatu eta merezi duena emateko: indarkeriarik gabeko gizartea eta bakea”. Gauzak horrela, “bake justua eta iraunkorra lortzea inoiz baino gertuago” dago alderdi ezkertiarraren bozeramailearen ustez eta, horrexegatik, “politikaren ordua heldu da aitzakiarik eta atzerapenik gabe”.
Alternatibak eragile politiko eta sozialei dei egin die “arduraz eta erantzukizunez” joka dezaten eta Euskal Herrian errealitate berria elkarlanetik eraikitzeko gai izan daitezen. “Errealitate berriak elkarrizketa eta herritarren etengabeko parte-hartzea izan behar du ditu ardatz, orain garena eta etorkizunean izan nahi dugunaren gainean erabakitzeko”. Horretarako, Matutek “beharrezkoak diren urratsak egiteko” eskatu die Frantzia eta Espainiako gobernuei, Donostiako bake Konferentziaren ebazpenak ezarritako edukien arabera negoziazio prozesua ireki dezaten.
2011ko URRIAren 20an