Alternatibak biharko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin die gaur Euskal Herriko gizon eta emakume guztiei. Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, elkarretaratzeak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu “Euskal Herriak konponbidea nahi du” lemapean. Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek esan duenez, martxarekin bat egiten dutenak “bakearen eragile aktibo” bilakatuko dira. ETAk bere jarduera armatua behin betiko laga duela jakinarazi ostean, Matutek adierazi duenez, “gizartea ezin da gertaeren ikusle hutsa izan, bizikidetza, adiskidetzea eta bakea herritar guztien elkarlanaren emaitza izan behar direlako, emakumeen eta gazteen parte-hartzeari bereziki erreparatuta”.
Alternatibak ordezkaritza zabala izango du manifestazioan; besteak beste, Begoña Vesga Gipuzkoako batzarkidea, Asier Vega Bizkaiko batzarkidea, Jonathan Martinez Senaturako Bizkaiko hautagaia eta Alternatibako bozeramaile Oskar Matute izango dira Bilbon.