Tindufeko kanpalekuetan larunbatean Enric Gonyalons eta beste bi kooperante bahitu zituztela gaitzetsi du gaur Alternatibak. Alderdi ezkertiarraren Internazionalismo Mahaiko bozeramaile Gonzalo Fernandezek elkartasuna adierazi die bahitutako lagunen familia zein erakundeei, Mundubat elkarteari bereziki, Gonyalons Bilboko auzokidea GKE horren kide delako. Era berean, hiru kooperanteak aska ditzaten beharrezkoak diren bitarteko guztiak jartzeko eskatu die Gasteizko eta Madrilgo gobernuei.
Gizon-emakume hauek inguru hartan egiten duten “funtsezko lana” azpimarratu du Fernandezek eta bahiketak, hain zuzen ere, “Europako Batasuneko herriek Sahararekin duten elkartasunaren aurkako erasoa” dela salatu du, “saharauien egoera larriaren aurrean EBko gobernuek agertzen duten geldotasunaren aurrean”. Nortzuk diren argitzeke egon arren, eraso honekin “herri honen eta Tindufeko errefusiatuen egoera zein nazioarteko erakundeen utzikeria behin eta berriro gogorarazten diguten milaka eta milaka solidarioen arteko loturak” hautsi nahi izatea leporatu die Alternatibak bahitzaileei.