Alternatibarentzat jarduera armatua uzteko ETAk hartu duen erabakia mugarri izan da euskal gatazkaren konponbiderako, dagoeneko inork zalantzan jartzerik ez duen lehenengo urratsa herri honetako pertsona guztien eskubide guztiak lehentasun izango dituen errealitate berria eraikitzeko.
Alternatibarentzat jarduera armatua uzteko ETAk hartu duen erabakia mugarri izan da euskal gatazkaren konponbiderako, dagoeneko inork zalantzan jartzerik ez duen lehenengo urratsa herri honetako pertsona guztien eskubide guztiak lehentasun izango dituen errealitate berria eraikitzeko.
Euskal herritarren protagonismoa nabarmendu nahi dugu, eragile politikoen adierazpenen gainetik eta alde bietatik inposatu nahi izan dituzten tutoretzatik haratago, norabide egokian ibiltzen asmatu duelako; kalera atera izan direnean indarkeria zein eskubide urraketa guztiak salatzeko edota bozen bidez demokratikoki hitz egin izan duten bakoitzean, ilegalizazioak eta mehatxuak etengabe eman izan diren arren.
Herri honetako gizon-emakume gehienek bakea exijitu dute, eta gaur inoiz baino gertuago dugu. Alternatibak beti salatu izan ditu herri honi inposatu nahi izan dizkioten tutoretzak. Duela astebete zabaldutako agiriak horietako bat desagerrarazi du eta, orain, eragile politiko sozialak dira, gara, gainerako tutoretzak gainditzeko lan egin behar dugunok: inork ezin die inposatu herritarrei bozka nori eman aukera politiko batzuk legez kanpo utzita eta bere buruzagiak bahituta, horixe baita Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletarekin egin dutena; inork ezin du erabaki herri honen izenean bere etorkizuna nola egituratu behar duen eta inork ezin du bere gain hartu berez anitza eta plurala den gizartearen borondatearen ordezkaritza.
Alternatibak pozgarria deritzo Euskal Herriko zein Espainiako Erresumako politikarien artean emandako lengoaia aldaketari, izan ere, egun gutxiren buruan gatazkaren konponbidean parte hartzeari ezezkoa ematetik prozesuaren profeta izatera pasa dira. Emandako urrats bakoitza baloratu eta prozesuan ahal izan dugun neurrian lagundu dugunon aldean, gizarteak jokabide zentzugabeak ikustera ohitu behar izan du: bertoko eragileen zein nazioartekoen lana gutxietsi eta iraindu duten ordezkari instituzionalak; azaroaren 20ko hauteskundeetarako Alternatiba partekatzen duen koalizioa legez kanpo uzteko oraindik ere eskatzen duten alderdi atzerakoiak edota Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari gorena bakearen etorrera antzerki lan bilakatzea, herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditzeko besterik egin beharko ez balitz bezala benetako konponbidea lortzeko, pankarta bat kentzeak oraindik ere bizi ditugun eskubide urraketa larriak konponduko balitu bezala, egun batetik bestera adiskidetzea eta bizikidetzaren erronkak beste barik gaindituko bailitzan.
Azkenik, berriz ere deitu egin nahi diegu Espainia eta Frantziako gobernuei, beharrezkoak diren urratsak egiteko Donostiako Konferentziaren ebazpenak ezarritako edukien arabera negoziazio prozesua ireki dezaten. Bereziki Madrilgo Gobernuari eskatzen diogu aukera historiko hau atzerapenik gabe sustatzeko, Alderdien Legea bertan behera utzita edota presoei eta haien familiei zigor bikoitza ezartzen dien espetxe politika bazter dezala; eta ez diogu eskatzen bakarrik Alternatibarentzat pauso atzeraezinak direlako euskal herritar guztien eskubideak berrezartzeko, baizik eta trabak ezarri besterik egiten ez dutenak jokoz kanpo geldituko direlako gizartearen eta historiaren aurrean, indarkeria gainditzea betirako oztopatu ezin daitekeen garaipen soziala delako.