Urtebete igaro da Bilboko Udala Espazio Publikoaren Ordenantza aplikatzen hasi zela. Kritikek bere horretan diraute ordea. Ordenantzaren aurkakoek diote kalearen erabileraz dauden eztabaida sakonak araudi “ahalguztidun” batekin lurperatu nahi direla.
Kaleko prostituzioa izan zen aitzakia. 2008an Miribilla auzoko biztanleak kalean lanean aritzen ziren puten jardunaz kexatzen hasi ziren. Eztabaida baretzeko asmoz Bilboko Udalak prostituzioa arautzeko ordenantza egingo zuela adierazi zuen 2008ko irailean, baina proiektua geldi zegoen Udal Gobernua osatzen zuten bi taldeen artean –EAJ eta EB– zeuden desadostasunak medio. 2009ko martxoan auzoko batek perdigoiz tiro egin eta bi prostituta zauritu zituen. Prostituzioa debekatzeko eskariak gora egin zuen zenbait herritarren artean. Eztabaida puri-purian jarri zen Bilbon. Kalea Guztiona Da plataformako kidea da Sabin. Bere ustez agintariek “arazo txiki bat sortu eta alarma pizten dute. Puztu egiten dute herritarren lehentasunezko arazoa balitz bezala, komunikabideekin elikatzen dute eta modu iruzurtian segurtasun gehiago edo debekuak behar direla saltzen dute.”
Bilboko Udala prestatzen ari zen araudiak, Bartzelonan 2005ean onartutako ordenantza zuen eredu. Alta, ordenantza horrek prostituzioa arautzeaz gain, kaleko salmenta, terrazen erabilera, kalean edatea, bizikletan ibiltzea, propaganda banatzea eta abar luzea arautuko zituen. Berehala sortu zituen erreakzioak.
Ordenantza hau onartu aurretik bazeuden arlo ezberdinak arautzen zituzten beste udal araudiak: “Ordenantza honekin –dio Sabinek–, araudi guztiak denak bakar batean batzeaz gain, espazio publikoan gertatzen den guztia arautu nahi izan da. Haientzat, espazio publikoan egiten den guztiak molestatu egiten du, eta beraz, ahalik eta gutxien egin behar da”. 2010eko maiatzaren 27an onartu zen ordenantza eta irailean hasi ziren aplikatzen.
Aurreiritziak eta eskubide murrizketak
Kalea Guztiona Da plataformakoen esanetan testuak ez ditu arautzen dituen jarduerak behar beste zehazten. Esaterako, “sexu esplizituaz” ari denean: “Ez du aipatzen zer den sexua, ez du aipatzen zer den esplizitua eta gainera esaten du publikoarentzat erasokorra dela. Eta zein da publiko hori? Zer da erasokorra izatea?”.
Shaila V Bilboko kidea da. Mugimendu hau ordenantzaren nondik norakoak jakin aurretik sortu zen Bilboko Okupazio Mugimenduak (BOM) bultzatuta, kontrol sozialari aurre egin eta kaleak berreskuratzeko asmoz. Berak azaldu duenez, “kontua ez da ezin dezakezula muxurik eman kalean. Hori anekdotikoa da. Esplotazio sexuala jasaten ari diren emakumeak babestu beharrean, zuzenean kaletik ezabatu nahi dira. Ordenantzaren lehen bi biktimak putak izan dira. Ez da kasualitatea”. Top mantarekin ere gauza bera gertatzen dela dio: “Guk ordenantzaren dimentsio hori ikustaraztea nahi dugu: ordenantza sexista eta xenofoboa dela.
Izan ere, kaleko salmentan ibiltzen diren etorkinen egoera ez da askoz hobea. “Atzerritarren Legeak klandestinitatera bultzatzen ditu –dio Shailak–. Hori gutxi balitz, isuna jarri eta kartzelara bidaltzen dituzte. Sistema honen zentzugabekeria horretan datza, isunak ordaindu ahal izateko disko gehiago saldu beharko dituzte-eta”.
Elkarte, alderdi politiko eta sindikatuei ere eragiten die ordenantzak, kalean informaziorako mahaiak jartzea, propaganda banatzea eta antzeko jarduerak debekatu egiten baititu. Herri mugimenduaren aurkako eraso zuzena da debeku hori BOMeko Urtziren ustez: “Orain, kartelak ezin ditugu jarri ordenantza batek esaten duelako. Baina aurrez ere gazteak jipoitu, identifikatu eta isunak jarri izan dizkiete hamaika aitzakiarekin”. “Zuk sinadurak biltzeko mahai bat jarri nahi baduzu burokraziak irensten zaitu –gaineratu du Shailak–, dena supermekanizatua, superkontrolatua izateko tresna da”. Sabinek ere bat egiten du puntu horrekin eta Udalaren “zinismoaz” mintzo da: “Eurek ere kalea nahi duten erara erabiltzen dute. Kalean buelta bat eman eta Bilboko Udaleko logotipoa duten zenbat kartel dauden itsatsita ikusiko bazenu, harrituko zinateke.”
Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantzaren kontra dauden mugimendu eta talde hauen iritziz, debekuen eta oztopoen atzean aurreiritzi murriztaileak daude. Gauza batzuk arautzea beharrezkoa dela deritzote, baina beharrezkoak diren eztabaida publikoak eman ostean. Era berean, bestelako jarraibideak bultza behar direla uste dute: “Jarraibideak egon behar dira, baina ohituretan eta baloreetan oinarritutako hezkuntza sistema integral batean, arazoak errotik mozteko”.
Eztabaida ezkutatzeko, debeku absurduak
Kalea Guztiona Da plataformako kideen iritziz eztabaida sakonak estaltzeko –debekuei eta zigorrei buruzkoak adibidez–, “astakeria” ugari arautzen ditu ordenantzak: bizikletaz ibiltzea, umeen jolasak arautzea… Kaleko edanarekin, esaterako, ulertzeko zailak diren kontuak arautzen dira: dendan erositako botilekin egindako kontsumoa bada –boteiloi gisa ezagutzen dena– debekatuta dago, aldiz tabernan erositakoa kalean kontsumitzea ez. Okupazio mugimenduko Urtzik argi dauka: “Udan ezin dela txurrorik saldu eta neguan ezin dela izozkirik saldu. Edo ezin dela kometarekin kalean ibili. Halako gauzak sakoneko eztabaida ezkutatzeko dira.”
Bi hiri ereduren arteko talka
Shailaren ustez ordenantza hau Bilbok azken 25 urteetan jasan duen eraldaketa prozesuaren emaitza baino ez da: “Bilboko oligarkiak gidatutako Bilbao Ría 2000 Fundazioak turismora eta zerbitzuetara bideratu du Bilbo, eta ordenantza berria jauzi horren ondorio da”. Aitzitik, Bilbon iraganean langile mugimendu eta herri mugimendu indartsua egon dela gogorarazi du Shailak.
Kalearen nolabaiteko pribatizazioaz ere hitz egiten dute mugimenduotako partaideek; gizarte ereduan ikusten du hori Sabinek: “Bilbo erakusleiho gisa eraiki dute. Badaude Udalak egiten dituen eskaintzak, aisia eskaintzen duten tabernak, antzerki guneak eta abar. Hori da herritarrek aisiarako duten tartea”. Aldiz, kaleko bestelako espresio guztiak ezabatu nahi izatea egozten die: “Pribatizazioa, zentzu horretan. Jarduera normala kaletik kendu, adierazpen askea kaletik kendu eta berek erabaki dituzten bitartekoak eta bideak soilik erabili ditzakezu.”
Txanponaren beste aldea segurtasunean –edo segurtasun ezaren sentsazioan– oinarritutako hiri eredua omen da: “Segurtasunaren izenean kalean udaltzain eta polizia pila bat egotea, kamerak egotea –teorian trafikoa kontrolatzeko– zerbait positibo gisa ikus lezake herri mugimenduan inplikatuta ez dagoen herritarrak –dio Shailak–. Guk argi diogu ordenantza kontrol sozialerako tresna dela”.
Bide judiziala
Udal ordenantza onartzearekin batera, berehala etorri dira erantzunak.. V Bilbok kaleak berreskuratzeko saioak egin ditu –esaterako, Bilboko Kale Nagusia okupatu zuten eta era guztietako ekimenak egin izan dituzte jai giroan–. Bestalde, Kalea Guztiona Da plataforma sortu zenean –V Bilbo eta BOM ere bertan biltzen dira, beste hamaika talderekin batera–, manifestua kaleratu eta zabaldu zuten.
3.500 alegazio bildu zituzten Udal Gobernuari ordenantza bertan behera utzi eta eztabaida publikoa bultzatzeko eskatuz. “Ez digute batere jaramonik egin –azaldu digu Sabinek–, komunikabideetan esan dute ordenantza ez dela ongi ulertu eta ez dagoela oposiziorako arrazoirik, baina elkarrizketa eskatu diegunean ez digute kasurik egin”.
Urtebeteko epean ordenantzarekin lotutako 176 espediente ireki ditu Udalak. Hauetatik sei kaleko salmentarekin lotuak, 17 prostituzioarekin eta 128 kaleko edanarekin. Gainerakoak ostalaritza jarduerei lotuak dira. Arau hausteak hiru mailatan zehazten ditu ordenantzak: arinak –750 euro arteko isuna– larriak –1.500 euro arteko isuna eta oso larriak –3000 euro arteko isuna–.
Bilduk iraileko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu zuen, ordenantza hori bertan behera utzi eta eztabaida prozesu bat hasteko eskatuz, baina eskaera atzera bota zuten udal gobernua osatzen duten EAJko 15 zinegotziren botoekin. Andoni Aldekoa Udaleko kontseilari delegatuak honelaxe azaldu zuen korporazioaren iritzia: “Legea eta ordena babesten duen Gobernua gara, legerik eta ordenarik gabe bizikidetzarik ez baitago. Zer nahi du arautu ordenantza honek? Espazio publikoaren erabilera egokia. Norbanako edo kolektibo batek espazio publikoa erabiltzen duen bakoitzean, bilbotar guztien ondasuna erabiltzen ari da, eta hori arautu egin behar da, eta desarauketak dakarrena da azkenean bakoitzak nahi duena egitea: bazkari bat, paellada bat Albiako Lorategietan, putxerak prestatzea edozein tokitan, eta bakoitza, inongo arauketa eta baimenik gabe, kalea hartzen dute, ateratzen dira, eta nahi dutena egiten dute. Hori da ordenantza honekin eragotzi nahi dena”.
Bide judiziala urratzea erabaki dute Kalea Guztiona Da plataformako kideek; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute epaitegian. Helegiteak hiru zutabe nagusi ditu: Udalak ez duela jarduera guzti hauek zigortzeko eskumenik; ez duela tipikotasun printzipioa errespetatzen, arauak ez baitira behar bezala definitzen, interpretaziorako ateak irekiz; eta azkenik, elkarteen, sindikatuen eta alderdi politikoen adierazpen askerako eskubidea murrizten dela.
Helburua ordenantza baliogabetu eta eztabaida publikoa sustatzea dute. Sabinek aitortu du bidea ez dela erraza izango eta ez daukatela irabaziko dutenaren konbentzimendu osoa. Baina behinik behin ordenantzaren kontraesanak azaleratzeko balioko duela uste du: “Legea errespetatu behar dela diote eta lege-haustez betetako ordenantza idatzi dute”.
KOADRO BATEAN:
Arau hauste arinak |
Arau hauste larriak |
Arau hauste oso larriak |
|
|
|
Argazki oin batean jartzeko:
* Kalea Guztiona Da Ordenantza Publikoaren aurkako Bilboko 70 eragile biltzen dituen plataforma da. Tartean dira auzo elkarteak, gazte mugimendua, sexu askapenaren aldeko elkarteak, talde feministak, kultur elkarteak, Konpartsak, sindikatuak, alderdi politikoak zein herri mugimenduko bestelako taldeak.