Alternatibak oso baikor hartu ditu Amaiur koalizioak – talde ezkertiarrak EArekin, Aralarrekin eta independentista ezkertiarrekin osatzen duena- hauteskundeetan lortutako emaitzak. Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak bilera egin du gaur Donostian, besteak beste, atzoko bozen ostean Hego Euskal Herriko testuinguru politiko berria aztertzeko.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek alderdiaren ikuspegiaren berri eman du, “Amaiurrek subiranismo ezkertiarrak inoiz izandako emaitzarik onenak, emaitza historikoak, lortu” dituela nabarmenduta. Alternatibak maiatzean abiatutako garai politiko berriaren ildo beretik kokatu ditu emaitza onak eta “orduan bezala, alde guztien batuketa baino gehiago” izan dela ohartarazi du.
Matutek gaineratu duenez, Espainiako Erresuman ezarritako mapa urdinaren aurrean, “Euskal Herriak argazki desberdin bat aukeratu du, burujabetza eta ezkerraren aldeko apustua berretsi du, eskubideak urratzen dituen errealitatearen aurrean aldaketa politikoa eta sozialaren aldeko hautua”.