Donostia, 2011ko azaroaren 24a. Gipuzkoako Foru Aldundiak “berdintasun politika feministak garatzeko, emakumeen kokapena eta burujabetza handiagoak izan daitezen indarkeria sexistari aurre egiteko konpromisoa” berretsi du. Orobat,” gizarte eredu eta eredu ekonomiko justuagoak” bultzatuko ditu. Konpromiso hori Diputatuen Kontseiluak erakunde adierazpen baten bidez hartu du, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Laura Gómez Berdintasuneko zuzendari nagusiak esan duenez, “indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasunezkoa izan behar du, benetako apustu politikoa”. Gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak koordinazioko batzorde politiko eta tekniko bat sortu duela emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako politikak sustatzeko, sentsibilizazioa, prebentzioa, arreta eta esku-hartzea landuko dituen ikuspegi integral batetik.
“Ohituegi gaude emakumeok konpromiso politikoak entzutera, azkenean, bihurtzen direnak miseriaren kudeaketa, hauteskunde koartada eta populismo zaharrenaren erakusle”, salatu du Gómezek. Adierazi duenez, Diputatu Nagusiaren mendeko zuzendaritza nagusian, “aurre egingo diegu, benetan eta eraginkor, bizitzaren arlo guztietan gertatzen diren emakume eta gizonen arteko desorekei”. Berdintasuneko zuzendari nagusiak esan du ez dagoela sinesgarritasun politikorik, ez baldin bazaizkie ematen berdintasun politika publikoei –beraz, indarkeria matxistaren aurkako borrokari– baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak. Horren harira, zuzendaritzaren aurrekontuak 1.744.702 partida izatea nabarmendu du, 2011ean baino %242 gehiago.
Foru erakundeak onartutako erakunde adierazpenak indarkeria “egiturazko arazotzat” hartzeko deialdia egin du, eraginkor erantzun beharrekoa, beraz, “ezin dugu emakumeek erasoen biktima gisa jasaten duten indarkeriaz hitz egin eta gizartearen egitura guztiz matxista ez aipatu, hori baita indarkeria horiek sortu, erreproduzitu eta toleratzen dituena”.
Indarkeria matxista emakume batek emakume izateagatik bizi duen hori bada ere, adierazpenak aipatzen du “egoera administratibo irregularra duen emakumea izatea, ekonomia autonomiarik ezak, zenbait baldintza oso txarretan edo legez kanpo egiteak, emakumea oraindik egoera ahulagoan kokatzen du”.
Horrela, onartutako testuak sexuak berdintzearen aldeko deia egiten du, eta, horretarako, “ezinbesteko da gazte jendearekin egin beharreko lana”, indarkeria sexista zergatik, noren eskutik eta nola adierazten den erakutsiz eta “gizon” eta “emakume” izateko modua eraikitzeko harreman hertsatzaile, hierarkizatu eta bidegabea. Orobat, testuak azpimarratzen du “badela gizon eta emakumezko desberdinen mugarri positiboen beharra”, bien arteko harreman eredu berriak ere erakutsiko dituztenak.
Azkenik, foru erakundeak gipuzkoarrak gonbidatzen ditu, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, mugimendu feministek, emakumeen elkarteek eta erakundeek bihar antolatuko dituzten jarduera, lantegi eta manifestazioetan parte hartzera.