Juana Aranguren Plazandreok elkarteko kidearen hitzak jaso ditugu. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean zer nolako ikuspegi politiko eta ideologikoa duten galdetu diogu; lehentasunezko lan esparruak eta etorkizunean jorratu beharrekoak zeintzuk diren. Bere erantzun aberesgarriak eta gure deialdiari emandako erantzun ona eskertu nahi dizkiogu. Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean ezinbestekoa dugu mugimendu feministatik, hemengoa zein kanpokoa, zer nolako hausnarketak eta proposamenak egiten dituzten jakitea, haien jarduera eta esperientziak ezagutzea.
1. Emakumeen aurkako indarkeria dela eta, zuen iritziaren harira. Komunikabideek eta gizarteak oro har, emakumeen aurkako indarkeriak dakarrenaren inguruan dituzten kontzeptu eta ideiak, nahasgarriak izan ohi dira. Horregatik, zer da, zuen ustez, emakumeen aurkako indarkeria? Zer nolako jarrera hartzen duzue politikoki eta ideologikoki?
Komunikabideek emakumeen aurkako erasoei buruzko informazioa zabaltzean, nire ustez, ez dituzte informazioaren emakume hartzaileak egoera hauetatik ateratzera bultzatzen eta ezta ez die erasotzaileei asmoa kentzen ere.
Gainera, ez dute indarkeriaren arrazoiei buruz hitz egiten, ez dute inoiz emakumeen aurkako diskriminazioarekin ezta sexuen arteko berdintasunerako borrokarekin lotzen.
Emakumeen hilketei dagokionez, ez digute inoiz biktimei buruz hitz egiten, zenbatu besterik ez dituzte egiten; beste bat urteko emaitzei gehitzeko. Eman ohi duten informaziotik erasotzailea gizon arrunt bat zela ondorioztatu daiteke, atsegina zela, eta auzoan inork ez duela bere ekintza ulertzen, eta beraz “bat-bateko eroaldi baten” emaitza izan liteke edo agian “biktimak eragindako probokazioa”.
Guretzat edo niretzat (berdin dit Juana Aranguren edo Plazandreok-en izenean hitz egitea), indarkeria emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren emaitzarik basatiena da, eta baita emakumeen aurreko gizonen nagusitasunean oinarritutako gizarte patriarkala mantentzeko ezinbesteko tresna ere.
2. Kasu honetan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara. Zuen jarduera/eragin esparrutik, zeintzuk dira lehenesten dituzuen estrategiak?
Egun indarkeria zein berdintasunari dagozkien legeak garatzeaz gain, euren erabateko ezarpena oraindik urruti dagoenez gero, berdintasuna indartzeko politikak zein erakundeak sustatzeko borondate politiko handiagoa beharrezkoa litzateke.
Hain zuzen, egungo joeraren aurkakoa: Estatuan Berdintasun Ministerioa ezabatzea eta geure Autonomia Erkidegoan Emakunde gutxiestea.
Hau, eremu instituzionalari dagokionez; bestalde, Mugimendu Feministari indarkeriaren aurkako borrokan dagokion nagusitasuna berreskuratzea garrantzitsua litzateke. Galera hau, erakundeek Mugimendu Feministaren diskurtsoaren zati bat bereganatu dutelako eta urteetan geuk eskatutako neurrietako asko inplementatu dituztelako gertatu da, hein batean.
3. Azkenik, zuen erronken eta alderdi politikoei eta bestelako erakundeei eskatzen diezuenaren harira. Zeintzuk dira lehenesten dituzuen gaiak, urte honetan landuko dituzuenak?
Lehentasunezko gai moduan, biktimak gehiago babestu beharko liratekeela uste dut, salatzeko urratsa emateko ahalmena izan dezaten. Ez zaie soilik salaketa jartzera bultzatu behar, salaketa bera helburu bihurtuz; baizik eta lehen pausutzat hartuz, errealitatean horixe bera baita.
Eta biktimak babestea ez da eskoltak jartzea, kasuren batean beharrezkoa bada ere, baizik eta prozesuan zehar laguntzea eta izan ditzaketen beharrizan mota guztiak asetzea. Horretarako, biltegi-harrera-etxe kontzeptua baztertu behar dugu eta euren egoeratik ateratzeko behar duten lana sustatzeko harrera-etxeengatik ordeztu; besteak beste, antzeko egoeretatik atera diren beste emakume batzuk ezagutu eta hainbat gaiei buruz hitz egingo dieten feministekin elkartzeko gunea, hain zuzen.
Gainera, diskriminazioaren aurkako politikak bultzatu eta inplementatu beharko lirateke.
Politika guztiek diskriminazioaren aurkako borroka hori barneratu beharko lukete (genero ikuspegia delakoa), gure klase politikoaren asmoetatik izugarri urruntzen dena, hain zuzen.