Alternatibak, 2008ko abenduan sortu zenetik, gaur hirugarren urtemuga bete da, bere izaera internazionalista indartzearen alde egin du pairatzen dugun krisi sistemikoaren aurkako beharrezkotzat dugun elementu gisa. Gure hastapenetatik esan dugunez, egitura aldaketa, iraultza; internazionala izango da, edo ez da izango. Hala, pertsona eta herri bakoitzaren burujabetzea besteen emantzipazioaren menpe dago, guztioi kalte egiten digun statu quoa garaitzearen menpe, pobrezia, desberdintasuna, murrizketak eta eskubide urraketak besterik ez dakarren egoera gainditzetik etorriko da.
Baieztapen hau, Euskal Herriaren etorkizuna Europaren eta munduaren etorkizunari lotu beharrak gure hirugarren urtemugaren harira zabaldu nahi dugun mezua da. Munduari zabalik dagoen Euskal Herria nahi dugu; elkartasuna irizpide duena -pobretutako herrialdeekin bereziki- eta nazioartean desjabetutako klase guztiekin; mundu osoaren elkartasuna jasotzen duen Euskal Herria. Haien agenda gurea da, gure indarra haien indarra den bezala.
Alternatiba ez zen jaio sigla berri bat gehitzeko Euskal Herriko politikagintzari. Euskal ezkerrari eta ezkerraren batasunari ekarpena egiteko borondate irmoarekin jaio zen. Ezker indartsua eta trebea da eraiki nahi duguna, indartsua bere izaera aldarrikatu eta eskuma garaitzeko, herri honetan EAJk, PPk, eta PSOEk ordezkatzen duten eskuma. Haiek ez dute inoiz zalantzarik izan zerga eta lan politikak, politika ekonomikoaz alegia, ahots bakarrez hitz egiteko, banka eta enpresa handien ahotsarekin hain zuzen. Gobernatzeko gai ere izan daitekeen ezkerra da osatu dena, Donostian eta Gipuzkoako Aldundian bezala.
Zalantzarik gabe, laster itxiko dugun urtean ezkerreko subjektu honen sorreran eginiko aurrerapauso garrantzitsuak ospatu behar ditu Alternatibak. Amaiur eta Bildu koalizioetan dugun parte-hartzeak Euskal Herriko ezker soberanistaren artikulazioan aurrera egitea ahalbidetu digu. Jakin badakigu, hala ere, borroka hasi besterik ez dela egin, ezkerreko talde zabala eraikitzeko lanean jarraitu behar dugula, eta bidean sortuko diren oztopoak zein kontradikzioak gaindituta egin beharko dugula.
Batasunerako borondate politiko horretan, agenda erradikalak artikulatzea eta sistema aldaketa bilatzeko ahaleginak, gaur aurkezten dugun jardunaldiek indartuko dutela espero dugu, Europako eta Latinoamerikako erakunde sozial eta politikoen elkarlana sustatuta, berdintasunean eta errotiko demokrazian oinarrituta.
Ezkerra da, ezkerrak gara, Europa eta Amerikaren arteko lotura tamalgarriak berregin beharra dugunok, burujabetzarako loturetan eraldatuta. Izan ere, inperialismoaren eta kolonizazioaren historia samingarria ez da amaitu, aldatu besterik ez da egin: ontziak ziren lekuetan, enpresa transnazionalak daude orain; jauntxoen aurrean makurtu beharra zegoen iraganean eta Europako Batzordearen, Munduko Bankuaren edota Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean makurtu beharra dago orain; erlijio katolikoa zen garaiko ideologia eta kontserbadurismo ultraliberala da egungoa.
Egoera irauli beharrean gaude. Amerikako herrialde asko altxatu dira dagoeneko, aski dela esan dute, mundu desberdina nahi dugu, eta bestelako mundua egingarria dela uste dugu. Europatik ere aski dela esaten jarraitzen dugu, ez dugula besteek sortutako krisiaren ondorioak pairatzen jarraitu nahi. Horregatik indarrak batu behar ditugu, elkarlanetik borrokatu behar dugu.
Aurrean ditugun erronka guzti hauen inguruan hitz egiteko, ibilbide oparoko hizlariak izango ditugu gurekin gaurtik ostegunera arte. Isabel Rauber argentinarrak irekiko ditu jardunaldiak; Mexikotik etorritako Ana Esther Ceceña eta, Euskal Herritik, Mikel de la Fuente, izango dira bihar, eta, azkenik, ostegunean, Ekuadorretik ekarri dugun Irene Leon eta gure artean aski ezaguna den Paul Nicholson arituko dira hizlari. Hitzaldi guztiak Bilbon izango dira, arratsaldeko 7:00etik aurrera. Biharkoa Arrupe Etxean egingo da eta, beste biak, Bizkaiko Batzar Nagusietako ekitaldi aretoan. Guztiak sarrera irekikoak dira.
Jardunaldietako hausnarketen emaitza Bilboko Adierazpen Internazionalista delakoan jasoko ditugu, agenda bateratuan aurrera egiteko eta indarrak batzeko oinarriak ezarriko dituenak.
http://alternatiba.net/old-files/JardunaldiInternazionalistakFLYER.jpg