Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Raxoiren kargu-hartzean zein bere gobernu “lotsagarriaren” aurkezpenean emandako irudia deitoratu du, Euskal Herriko ezkerrean zegoen mesfiantzaren arrazoiak berrestera etorri baitira: “Egungo krisia sortu duen doktrina liberalarekiko menpekotasuna eta euskal gizarteak galdegiten duen normalizazio politikoan urratsak egiteko borondate eza”.
Amaiur koalizioaren baitan dagoen talde ezkertiarretik ziurtatu dutenez, ez dute “politika atzerakoien aurrean oposizio mantsoa ezta isila izateko inolako asmorik” gobernu berriak aurkeztutako asmoen harira. Matutek gaineratu duenez, “guztiz kontrakoa” egiteko prest daude: “Murrizketen aurrean, hamaikagarren lan erreformaren, eskubide indibidual zein kolektiboen ukazioaren, eta botere publikoek nazioarteko finantza erakundeekiko duten menpekotasunaren aurrean kontra azaltzeko konpromisoa dugu”.
Alternatibak talde ezkertiarren erantzukizuna eskatu du Raxoik eta bere taldeak dakartzaten murrizketa olatu eta “kontserbadurismo garratzenaren” aurrean argi eta irmo erantzuteko. Salatu dutenez, “Ekonomia Lehman Brothers-eko kargu ohi baten esku utzi dute, krisia eragin zutenen asku alegia; Osasungintza emakumeei abortatzeko eskubidea publikoki ukatzen dien pertsona batek kudeatuko du eta Defentsa armagintzako enpresaburu bati eman diote, ezertarako baliagarria ez den ministerioaren defizita areagotzen jarrai dezan”.
Guzti horregatik, Matutek Euskal Herriko herritarrei dei egin die, emakumeen, langileen eta etorkinen duintasunaren zein Amalurra edo Euskal Herriaren aurkako erasoei “batera erantzun eta erresistentzia antolatzeko”. Izan ere, “orain aurre egitea lortuko bagenu, behetik eta ezkerretik sortutako kontraboterea eraikitzeko lehen urratsak egiten egongo ginateke”.