Matuterentzat “deitoragarria” da urtean 9.000 euro gordin baino gutxiago kobratzen duten langileen erosteko ahalmena, berez hirugarren munduko herrien parekoa, hirugarren urtez jarraian murriztea, Zapaterok ez baitzuen Gutxieneko Soldata KPIaren arabera gaurkotu.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gaur ohartarazi duenez, Mariano Raxoiren Gobernuak iragarritako aurreneko murrizketek izaera “neoliberal” nabarmena dute eta “ahulenei kalte egingo diete, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen dutenei eta alokairurako laguntzen onuradunei kasu”.
Ministroen kontseiluak bihar onartu dituen neurriak salatu ditu Matutek, Gutxieneko Soldata bere horretan uzteko asmoa bereziki, egungo kopurua “ezin eskasagoa baita, hilero 641,4 eurokoa, hain zuzen”. Alternatibatik gogorarazi dutenez, Espainiako Erresuman ezarritako gutxieneko saria, berez, Europako baxuenetarikoa da, 15 kideko batasunean Portugalen gainetik besterik ez dago eta Irlanda, Belgika edo Frantziakoaren erdia da.
Alderdi Popularrak Madrilgo legebiltzarrera urtarrilean eramango dituen aurreneko murrizketa hauek iragartzeko unearen harira, ezkerreko alderdiaren bozeramaileak Raxoiren exekutiboaren jarrera salatu du: “ez dute lotsarik erregearen soldata 293.000 eurokoa dela esateko langileen 641 euroko soldata erreala izozten duten bitartean”. Era berean, alokairurako laguntzen amaiera salatu du, “erret familiak aitortutako aurrekontuarekin Euskal Herriko 7.000 gazteren urte erdiko laguntzak ordaindu” daitezkeela gogorarazita.
Matuterentzat “deitoragarria” da urtean 9.000 euro gordin baino gutxiago kobratzen duten langileen erosteko ahalmena, berez hirugarren munduko herrien parekoa, hirugarren urtez jarraian murriztea, Zapaterok ez baitzuen Gutxieneko Soldata KPIaren arabera gaurkotu. Alternatibatik gutxieneko sariaren “berehalako” igoera eskatu dute berriz, 1.000 euroraino lehenengo eta behin baina igoera berri eta progresiboekin datozen urteei begira. Izan ere, kopuru hori Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Europako Legebiltzarrak proposatzen dutenaren azpitik ere dago.
Azkenik, Alternatibak “ezkerreko indarren elkarlanera” deitu du berriz, “kargua hartu berritan Madriletik iragartzen hasi diren neurri atzerakoiei aurre egin ahal izateko”.