Durangoko hiltegia itxieraren inguruan Eusko Jaurlaritzak erakutsitako jarrera salatu du gaur Alternatibak. Alderdiko Nazio Koordinakundeko kide Amaia Agirresarobek Osasun Sailak emandako “aitzakiak” ezeztatu ditu eta egiazkotzat jo du, aldiz, EHNE-Bizkaiak eta hiltegiko arduradunek duten susmoa, alegia, “Erraldek osasun neurri guztiak betetzen dituela jakitun itxiko duela Lakuak”. Agirresarobek gogorarazi duenez, 2008an bost egunez itxi behar izan zuten EBeko ikusketa baten ostean, eta Osasun Saila izan zen, hain zuzen ere, berriz irekitzeko baimena onartu zuena, aurkitutako hutsuneak konpondu zituztela baieztatu ondoren.
Berrizen hiltegi berria martxan jarri arte Erralde zabalik mantentzeko luzamendua eskatzen duten erakundeekin bat egin nahi izan du Alternatibak. Azkenik, Bizkaiko abeltzaintzarako Durangoko hiltegiak duen izaera estrategikoa nabarmendu du Agirresarobek, “sektoreak kalte handiak izango ditu bi egun barru ixteko mehatxua betetzen badute, baina ez dezagun ahaztu kontsumitzaileek ere prezioen gorakada eta kalitatearen jaitsiera sumatuko dituztela Bizkaiko hiltegi bakarra galduz gero”.