Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuaren kontra mugimendu feministek eta Lakuako teknikariek eginiko kritikekin bat egin du gaur, “Aresen sailak kosta ahala kosta aurrera atera nahi du, Eusko Jaurlaritzaren baitan zein kanpoan gehiengo zabalaren iritziaren aurka”. Etxarteren ustez, “ez da beharrezkoa lege berri bat” egitea, egungoa garatzea baizik, emakumeen elkarteen alegazioetan jasotzen denez: “Herrizaingo Sailak protagonismoa besterik ez du nahi, indarkeria matxistaren biktimen arretan egiten duenarekin nahikoa ez duenez, orain politikoki errentagarriak bilakatu nahi ditu”.
Alternatibak “akats deitoragarria” deritzo emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeari, konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan. Etxartek gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke, eta berdintasun politiken alde lan egin duten pertsona guztien kontra egitea, Herrizaingo Sailak aferaren erdigunetik kendu nahi baititu” .
Etxartek, azkenik, Aresen sailaren menpe dagoen Genero Indarkeriaren Biktimentzako Zuzendaritzari lege aurreproiektua bertan behera uzteko exijitu dio eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei behar beste baliabide emateko eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko, “bide polizialetatik bakarrik nekez lortu daitekeena”.