Mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude. Ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizitza baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea herrialde desberdinetan etengabe ematen ari da.
Europan eta Euskal Herrian eraikuntza eta ekonomia espekulatiboaren inguruan sortutako burbuilak eztanda egin du eta jada hiru urte luze pasatu dira egoera berriari buelta eman ezinik. Eta nola ez, guzti hau, naturaren errekurtso mugak kontutan izan gabe garatu da.
Euskal Herriaren kasuan guzti horri zera gehitu behar zaio: burujabetza politiko eta ekonomikoaren ukazioa. Espainiar konstituzioaren aldaketak, edota Grezian gertatutakoak argiki uzten du zein tamainakoa den merkatuen diktadura. Baina herri bati estatu batek dituen baliabide politiko, instituzional eta ekonomikoak ukatzen zaizkionean areagotu egiten da menpekotasun hori, are gehiago eta gure kasuan Raxoiren jarrerak ezagututa.
Raxoiren gobernuak iragarri edo martxan jarritako ekimenek zera dute helburu: zorpetze publikoaren aitzakiapean, sektore publikoa murrizteko hamaika neurri hartu eta honen pribatizazio prozesuei bide ematea. Era berean, lan harreman esparrua erabat liberalizatu eta langile baldintzak are gehiago kaskartzeko erreformaren aurrean aurkitzen gara jada eta hori gutxi balitz, finantza sektorea denon diruarekin ureztatuko dutela iragarri da. Honela, Raxoiren gobernuaren neurriek beharrizan gehien dituztenen aurka daude zuzenduta: soldata baxuenak dituztenen kontra, desgaitasunak dituzten pertsonen aurka, pentsio baxuenak dituzten adinekoen kontra edota euren lan baldintzak defendatu nahi duen edozein pertsonaren aurka.
Azkenik eta guzti hau erabiliz, estatuaren baitan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmoa oso nabarmena da. Hau da, menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saiakera eta erabakia nabarmena da.
Guzti honek erantzun sendo bat eskatzen du. Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari aurre egin beharko geniokeela uste dugu.
Baina erantzunaz gain, errealitate gordin honek alternatiba berri baten eskaintza ere eskatzen du. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa oinarri izango duena, eta eredu berri baterantz bidea markatuko duena. Eta burujabetza ekonomikoa nahi eta behar dugu eredu sozial eta alternatibo bat eraikitzeko:
– Herri bezala dugun eskubidea eta ardura delako, eta elkartasuna bermatzeko, ekimen ekonomikoa ere eskuratu behar delako.
– Benetako demokrazian oinarritutako bestelako eredua sortzen hasteko.
– Urteetako lan eta borrokaren ondorioz eskuratutako eskubide eta zerbitzu sozialak bermatzeko eta areagotzeko. Hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza eskubideak bermatzeko
– Garapen ekonomiko soila baino, garapen soziala egi bihurtzeko eta naturarekiko errespetuan oinarrituko den ekonomia bultzatzeko.
– Langileen eskubideak bermatzeko eta ondasun eta lanaren banaketa eragingo duten politika fiskal, laboral eta publikoak bermatzeko.
– Emakumeen eskubideen errespetua.
– Funtsean, ezkerretik eraikitako Euskal Herria sortzeko, pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasunean.
Norabide orokor horren baitan eta helburu horiei begira deialdia luzatu nahi diegu herritarrei eta eragileei kalera ateratzeko. Hartzen ari diren neurri guztiei aski da esateko eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboaren beharra Euskal Herrian eta nazioartean, premiazkoa da, eta bide horri helduko diogu tinko, berau gauzatzeko, errealitate bilakatzeko.
Horregatik, lau alderdiok bat egin nahi dugu otsailaren 4rako Bilbon, murrizketen kontra, eta Donostian, azpiegitura erraldoietan oinarrituriko ereduaren aurka, hainbat eragileek deituriko manifestazioekin.
Era berean, agerraldi honetatik, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak otsailaren 11rako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitu ditugun manifestazioen berri eman nahi dugu. “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean burutuko dira eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazio hauek.