Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Abortuaren Legearen erreformaz gaur eginiko adierazpenak salatu ditu, eta “lotsagarritzat” jo du “emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea urratzen duen neurria aurrerakoia bailitzan aurkeztea”. Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.
Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.
Raxoiren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Agirresarobek abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea; emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.