Nazioarteko Harreman Taldearekin (NHT) gaur goizean eginiko bileraren ostean, Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek “erabateko babesa agertu dio NHTk egiten ari den lanari eta, bereziki, egunotan Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal ezberdinen artean aurkezten ari den proposamenari”. Agirresarobek nabarmendu duenez, “behin betirako konponbidea lortzeko ezinbestekoa da alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa abiatzea, orain dela gutxira arte ETAren indarkeriak eztabaida politikoa baldintzatu duelako”.
Ildo beretik, ETAren indarkeria betirako desagertu dela, “hainbat eragilek berretsi eta gutxik zalantzan jartzen dutenez”, heldu da garaia “oraindik egin izan ez diren eztabaida politiko guztiak egiteko”. Agirresarobek, azkenik, Alternatiba “bazterketarik eta baldintzarik gabeko elkarrizketa politikoaren” guztiz aldekoa dela adierazi dio NHTko ordezkariei.