Lurralde txikia da Gipuzkoa baina azken urteotan, hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko atzera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak geldiaraztea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHT-a, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, tentsio handiko lineak…
Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak, ez! Eta ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu, inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki eta orain arteko gardentasun eza eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.
Herritarron ongizatea ardatz izango duen eredua da herritarrok nahi duguna. Ez interes enpresarialei erantzuten dien eredua, gutxi batzuen mesederako guztiok nozitzen dugun kaltea eragin eta jendartearen zati baten pobretzean oinarritzen dena. Gizarte premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste jarduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatzen ditu gaur arteko eredu antisozialak.
Ingurumenarekiko errespetua ardatz izango duen jendarte eredua nahi dugu. Eta ez, gure herrialdea etengabe hiritartu eta metropolizatuko duen eredua, natur baliabideak xahutuz, ingurumen naturalari eraso gogorrak eginez, landa inguruak jendez ustu eta nekazaritzarako behar ditugun lurrak atzera bueltarik gabe artifizialduz aurrera egingo duen eredua.
Zenbait ordezkari politikok gure eskariak, jendartearen ahotsa, instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak bultzatzen jarraitu. Eragile politiko hauek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak eta jarrera hori salatu nahi dugu. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.
Hala ere, erantzun guztiak ez daude instituzioetan, eta lorpenak erdiestekotan, ezinbestekoa dugu herritarren kontzientzia etengabe astintzea. Kontzientzia kolektibo honen aldaketan eta herritarron ekimenean dago gakoa. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, azpiegitura handiak eta proiektu txikitzaileak geldiarazteko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz azpimarratuz. Gipuzkoa desberdin bat nahi dugu, Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste jendarte eredu bat nahi dugu eta landuko dugu!