Sortu alderdia aurkeztu eta urtebetera Espainiako justiziaren arabera legez kanpo jarraitzen duela deitoratu du gaur Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Indarkeria mota guztien, ETArena barne, desagerpena eskatzen zuen alderdi berria aurkeztearekin ezker abertzaleak urrats erabakigarria egin zuela gogorarazi du Matutek. Are gehiago, alderdia jaio eta denbora gutxira “gertaera jakinak eta balizko atentatuak ere errefusatu zituen, Alderdien Lege bidegabeak ezartzen zituen eskakizun guztiak beteta”.
Talde ezkertiarreko bozeramaileak nabarmendu du, halaber, denbora honetan ETAren jarduera armatua desagertu dela baina, hala eta guztiz ere, “Espainiako Gobernuek, oraindik ere, milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eta askatasunez bozkatzeko eskubidea urratzen dute Euskal Herrian”. Herritarrek, alabaina, Madrilen azaldutako jarreraren aurka, “herri honen normalizazio politikoaren aldeko borondatea erakutsi dute eta beren kabuz legeztatu dute Zapaterok lehen eta orain Raxoik bahitu nahi izan dutena”.
Azkenik, Matutek berriz ere galdegin du “euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duenari kasu egiteko, indarkeria ororen amaiera aldarrikatu duten indarrarekin euskal herritar guztien eskubideen berrezarkuntza eskatzen jarraituko dutelako”. Hala, Raxoiren gobernuak azaldutako “itxikeria eta geldotasuna gaindituko dezakegu, Gallardonek gaur eginiko adierazpen atzerakoiekin azaltzen dutenez, sakabanaketarekin amaitzeko inolako asmorik ez dutela esatean”.