Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Mariano Raxoiren Gobernuak ezarri berri duen lan erreformak dakarren erasoaren larritasuna salatu du berriz, joan den larunbatean Bilboko manifestazioan egin zuen bezala. Era berean, soldaten aurka, enpleguaren prekarizazioa areagotuz eta lan eskubideen galera handitzeko hartutako neurriek greba orokorrera deitzeko arrazoi nahikoa eta sobera direla ohartarazi du. Hala, lege berriak “kaleratze askea legeztatu eta enpresaburuei negoziazio kolektiboa ez betetzeko eskubidea” ematen diela gogorarazi du.
Ildo beretik, alderdi ezkertiarrak azken asteotan esandakoaren bidetik, Alternatibatik prest azaldu dira Euskal Herriko eragile sindikal, sozial eta politikoen aldetik “PPren eskuin muturreko politikari aurre” egiteko proposatzen diren egitasmo guztiak kalean sustatu eta laguntzeko. Hala, Matutek esan duenez, irauli egin behar da enplegua sortzeko “inolako asmorik ez” duen erreforma, “Cristobal Montorek berak aitortu duenez, langileak ahuldu eta kaleratzeak merkatzea beste helbururik ez duelako”.
Alternatibako bozeramailearentzat oso “argigarriak” dira Alemaniako kantziler Angela Merkelek erreforma goraipatuz eta CEOE patronaleko presidenteorde Arturo Fernandezek esandakoa, Mariano Raxoik zezena adarretatik hartu duela: “Erreforma noren aginduetara egin eta onartu duen agerian uzten dute”.