Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek emakumeen “eskubideen, autonomiaren eta bizitzaren defentsan” bihar, martxoak 8, kalera ateratzeko deia berretsi du gaur. Esan duenez, “azken hamarkadetako kapitalismo heteropatriarkalaren erasoaldi bortitzenetarikoa bizi dugu”, eta honen aurrean, Alternatibako Mahai Feministak Eusko Herriko emakume eta gizonei dei egin die “erantzun sendoa eman” dezaten, “murrizketei eta gure eskubideen urraketei ezetz esateko”.
Agirresarobek azpimarratu du premiazkoa dela subjektu politiko feminista indartsua eraikitzeko aliantzak sortzea, “balioa kentzen digun sistema matxista eta patriarkalaren aurrean mundu berria nahi dugu”. Ildo beretik, “kapitala baino, bizitza berregitea” ahalbidetzen duten alternatibak garatzeko indarrak biltzearen aldeko apustua iragarri du.
Alternatibak parte hartuko du Euskal Herri osoan egingo dituzten mobilizazioetan, besteak beste, Bilbon Arriaga plazatik 19:30etan abiatuko den martxan, Donostiako Boulevardetik ordu berean aterako den manifestazioan, Gasteizen Anton Deuna plazatik 20:00etan deitutakoan eta Iruñean, Gaztelu Plazan, antolatutako elkarretaratzean, 20:00etan ere.