Alternatibako bozeramaile eta Bizkaiko batzarkide Asier Vegak Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatzeko Bilbon bihar egingo den martxarekin bat egiteko deia zabaldu dio gaur gizarteari, “zaharkitua eta arriskutsua izateaz gain, haren beharrik ez dagoelako”. Jesusen Bihotzetik 17:30tan abiatuko den manifestazioa Fukushimako istripu nuklear larriaren urtemugaren bezperan egingo da, “Alemania bezalako herrialdeek eredugarri hartu dutena zentral zaharrenak berehala itxi eta gainerakoen amaiera planifikatzeko”.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, Garoñako erreaktorea Fukushimakoaren berdina da, “bere arriskuaren berri ematen duena”. Bestaldetik, eta Euskal Herritik oso gertu dagoela aintzat hartuz, Vegak euskal gizarteak “energia nuklearraren kontra betidanik” izan duen jarrera berretsi du, “biharko martxan berriz egiaztatuko denez”.