Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek eta Aralarreko Bizkaiko zuzendaritzako kide Zigor Isuskizak Bilboko Areatzan igande goizean eginiko adierazpenen testua, zeinen bidez Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko deia berretsi duten:
Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba kalera atera gara gaur, behar-beharrezkoa ikusten dugulako herritarrei zuzenean helaraztea kalean aldarrikatzeko unea dela. Hurrengo martxoaren 29rako greba orokorra deituta dauka Euskal Herriko sindikalgintzak, eta bizi dugun aldaketa eta krisi sistemiko honen aurrean, euskal jendarteak agerian utzi behar du beste hainbatetan adierazi duena: bestelako eredu sozio-ekonomiko eta politiko bat behar duela, gizarte juxtu eta solidarioagoa eraikitzeko; eta hori burujabetzaren bidetik baino ez dela etorriko.
Egiturazko krisi honen kudeaketa negargarriaren azken ondorioa Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma da. Beste behin, krisi honetara eraman gaituen eredu zaharraren kudeatzaileek krisiaren sorreran ardurarik izan ez dutenen contra egin dute; kasu honetan, langileen kontra. Lan harremanen esparrua erabat liberalizatu dute, eskubide sozial eta laboralei eraso zuzena eginez, negoziazio sindikala ezerezean utziz, eta honek langileen lan baldintzetan ondorio latz eta tamalgarriak izango ditu. Horregatik, orain inoiz baino indartsuago diogu lan harremanen euskal esparrua ezinbestekoa dugula.
Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia. Egoera honetara eraman gaituen sistema iraultzeko eta burujabetza politiko eta ekonomikoa baliatuta herritarrak erdigunean izango diren gizarte eredua eraikitzen hasteko unea iritsi da, indarrean daukagun ereduak porrot egin duela ageri-agerikoa delako. Guk, gure aldetik, justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu. Martxoaren 29an eta bestelako eredu bat aldarrikatzeko egongo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta kalera ateratzeko unea da. Krisiaren aitzakiapean inposatu nahi dizkiguten neurri murriztaile eta atzerakoei nahikoa da esateko unea da.