Lehenik eta behin, bertan bildutakook, ordezkatzen ditugun indar politikoen izenean, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Iñigo Cabacas gaztearen senide eta lagunei. Gure herriak azken hamarkadetan pairatzen duen indarkeria polizial gordinaren azken biktima da Iñigo Cabacas. Gure herrian normaltasun eta demokrazia egoera bat saihesteko eraikitako salbuespenezko neurri eta neurri errepresiboen egitura osoak justifikaturiko eta babesturiko indarkeria poliziala alegia.
Gure herriaren begietara, ordea, justifika ezina eta erabat desproportzionatua den indarkeria polizial baten aurrean aurkitzen gara. Izan ere, nahiz eta instantzia ofizialetatik gertaera ezkutatu eta manipulatzeko saiakerak egon, Iñigo Cabacas-en heriotza ez da gertaera isolatu bat. Aurreko ostegunean, Ertzaintzak Xuban Nafarrete gaztea jipoitzen zuen era basatian. Gazte hau Zaintza Intentsiboetako Unitatean ingresatu behar izan zuen, ertzainen bortizkeriak eragindako garun isuria zela eta.
Astebetera, Iñigo Cabacas gazteak jaso zuen Ertzaintzak jaurtiriko pilotakada, gaur bere heriotza jakinarazi den arte koman egon delarik.
Gertaera lazgarri hauen aurrean, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta ezker Abertzaleak honako hausnarketak luzatu nahi ditugu:
o Gure herrian jarduten duten polizia ezberdinek euskal herritarren aurka indarkeria inolako ardurarik gabe eta era zigorgabean erabiltzea erabat larria deritzogu.
o Gure iritziz indarkeria polizialaren erantzuleak ez dira elementu isolatuak; gure herrian sortu diren bake eta soluzio itxaropenak zapuztu nahi dituen estrategia bati erantzuten dio indarkeria polizialak. Horren adibide da azken hilabeteotan polizia ezberdinen indarkeria erakustaldiak, jazarpen edota errepide kontrolak biderkatu egin direla.
o Urteetan zehar hainbat hildako eta dozenaka zauritu eragin dituzten gerramaterialak erabiltzeari behin betiko uzteko deia luzatzen diegu indar polizial ezberdinei.
o Ertzaintzaren arduradun politikoaren, hau da Rodolfo Ares Barne Sailburuaren berehalako dimisioa exijitzen dugu. Ares da Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzule politikoa.
o Era berean, erabat larria deritzogu gaur gaurkoz martxoaren 29an Gasteizen eta aurreko ostegunean Bilbon jazotakoen inguruan inolako azalpen ofizialik eman ez izana.
o Zauritu larri edo hildakoak eragindako azken polizia ekintzetan nahasturiko polizien berehalako ikerketa eta ardurak argitzea exijitzen dugu. Euskal jendartea nazkaturik dago errepresioan nahasturikoek duten inpunitateaz.
o Azkenik, Iñigo Cabacas gaztearen heriotzari ETB eskainiriko trataera tamalgarria kritikatu nahi dugu. Alberto Suriok zuzenduriko telebistaren asmo politikoa antzematen dugu, jazoriko gertaerei larritasuna kendu eta Rodolfo Aresi lan zikina egiteko.
Amaitzeko, bertan bilduriko lau indar politikook Iñigo Cabacas gaztearen heriotza salatzeko eta bere senide eta lagunei elkartasuna adierazteko deituko diren ekimen ezberdinei gure atxikimendua adierazi nahi diegu. Era berean, deia luzatzen diegu herritarrei ekimen horietan parte har dezaten.