Alternatibako bozeramaile Oskar Matuterentzat, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean eginiko agerraldia “guztiz murritza” izan da, bere diskurtsoa Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean dolumina agertzeko baino ez duelako erabili. Ildo horretatik, deitoragarritzat jo du “akatsez hitz egitea homizidio bat gertatu denean”. Hala, sailburuak arduragabekeriak edo zorigaitzak eragindako galera bidegabeaz hitz egin izanaren harira, Matutek zentzugabea iritzi dio istripua izan daitekeela baieztatzeari, “jokabide arriskutsu baten ondorioz hil dute eta, tamalez, jokabide horrek aurrekari gehiegi ditu, Aresek aurretik konpondu ez dituenak, ez zituelako konpondu nahi, edo nola zuzendu asmatu ez duelako”.
Alternatibako bozeramaileak barkamenetik haratago jo nahi ez izatea leporatu dio Ertzaintzaren arduradun nagusiari: “Ardura politikoak onartzeak prezio jakin bat ordaintzea eskatzen du, eta benetan onartuko baditu berehala dimititzeko exijitzen diogu berriz”. Alternatibatik, halaber, gaur eguerdian hainbat eragile sozialek Albia Lorategietako epaitegien aurrean eginiko agerraldian Ertzaintzak erakutsitako jarrera salatu dute, gehiegikeriaz aritu baitira “legala, zilegia eta baketsua” zen ekitaldian.
Herrizaingo sailak iragarritako ikerketari dagokionez, atzo atxilotutako bi lagunak Ertzaintzak egindakoa zuritzeko erabili ez dezatela eskatu du Matutek. Azkenik, Aresen dimisioa eskatu duten eragile guztien kontra jaurti dituzten salaketen aurrean, Alternatibak Euskal Herrian eman daitezkeen eskubide urraketa guztiak salatzeko beharra eta erantzukizuna aldarrikatu du, “biktimaren familia zein hurkoekiko errespetu osoz eta testuinguru politikoetatik haratago”.