Martxoaren 14ean, bost alderdiek publikoki adierazi genuen, elkar-lana estrategiko bati begirako engaiamendu bat lantzen ari ginela.
Oinarrian lan hori abiatzera eraman gaituen egoeraren azterketaren gakoak bi hitzez ber-gogoratzea inportantea iduritzen zaigu :
– Bizi dugun abagune historikoak herri honek ezagutzen duen gatazka politikoa gainditzeari begira eta bere eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko mementu erabakigarrian kokatzen gaituela uste dugu.
– Urrats inportanteak eman dira azkeneko hilabeteetan eta abian den prozesua oso baikorki baloratzen dugu. Bainan konstatzen ditugu ere bai, Frantses eta Espainol Estatuek Euskal Herriarekiko mantentzen dituzten jarrera hertsiak eta indarrean dirauten urraketa demokratikoak, blokatze instituzionalak, mota anitzeko errepresioa eta abarrekoak… Honen aintzinean prozesu honek urrats berriak eman behar ditugula diogu.
– Bizitzen dugun kapitalismoaren krisiak krisi sistematiko baten izaera daukala deritzogu eta eragiten dituen eskubide indibidual zein kolektiboen urraketak indar ezkertiarren erantzun sendo eta bateratua eskatzen du gure ustetan.
– Hori dela eta, konbentzituak gara gure alderdien artean elkarlanerako unea heldu zaigula.
Ficoban aurkeztuko dugun estrategi nazionalareko engaiamendu/konpromisoaren erranahi orokorra
Gaurkoan, iragarri nahi dugu estrategi nazionalerako engaiamendu/konpromisoaren eskema itxia daukagula eta horren aurkezpena apirilaren 28an, Irungo Ficoba erakustazokan iraganen den ekitaldi batean aurkeztuko dugula. Gure ustetan, urrats hori, urrats inportantea da oso.
Izan ere, engaiamendua honen bitartez, alderdi abertzale eta ezkertiarrek, Euskal Herri osoan, beren indarrak amankomunatzeko xedea plazaratzen dute, gure Herria errealitate onartua eta errespetatua bilaka dadin Europan.
Euskal Herriak bizi dituen erronkak lurralde bakoitzean ezberdinki eta erritmo propioetan deklinatzen dira, baina problematika nazional osoa osatzen dute denek. Hortaz, zehaztu dugun elkar-lanerako engaimenduak/konpromisoak abertzaletasunaren praktika politikoa nazio estrategi baten baitan kokatzeko xedea du.
Bestetik, abertzaletasuna nazio estrategi batean finkatzeko engaiamendu/konpromisoa zehazteaz gain, apirilaren 28an emanen dugun urratsak, proiektu independentista balore progresista eta ezkertiarretan kokatzeko xedea du, arrazoin sinple batengatik : bizitzen dugun krisiak, etengabean erasotuak diren oinarrizko eskubide sozio-ekonomikoen defentsaz haratago, sistema beraren gainditzea eskatzen du.
Funtsean, formalizatu dugun engaiamendu/konpromisoak helburu argiak ditu :
Euskal Herrian martxan den prozesuari bultzada ematea eta bere azken geltokiraino eramatea
Prozesu honen eragile nagusia euskal gizartea bera da, eta bere motorra indar metaketa ahalik eta zabalena izan behar du.
Hortaz, urrats berri bat ematera goaz, Euskal Herri osoan, erabakitzeko eskubidearen aitortza finkatuko duen giza indar-metaketa indartsua gorpuztuz.
Bestetik, pairatzen dugun krisi sistematikoari erantzuteak beste eredu bateri begira urratsak ematea suposatzen badu, sistema beraren gainditzea ahalbidetuko duten alternatiba praktikoak gauzatzen hasteko anbizioa dugu.
Horrek ere, aliantza herritarra ahalik eta zabal eta azkarrena konfiguratzea eskatzen du.
Bost alderdiei, helburu horien inguruan, Euskal Herri osoan masa sozial oso zabala dagoela deritzogu eta landu dugun engaiamendu/konpromisoak masa sozial honen aktibazioarako espasazioak idekitzea bilatzen du. Eta segur gaude, masa sozial honen aktibazioak eta mobilizazioak Euskal Herrian bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako aro eraikitzea lortuko duela.
Estrategi nazionalerako engaiamendu/konpromisoaren garapena
Erran bezala, apirilaren 28an, Ficoban, estrategi nazionalerako engaimendu/konpromisioa izenpetuko dugu.
Engaiamendu/konpromiso honek, Euskal Herri osoari begirako elkar-lan estrategiko bat lantzeko eta adosteko xedea adierazten du ; elkar-lan estrategiko bat, Hego nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izanen dituena.
Apirilaren 28tik landa, izenpetuko dugun engaiamendu/konpromisoaren gauzapena bi denboretan emanen da.
– Ondoko asteetan, engaiamendu/konpromisu honek bere lehen deklinazioa zehaztua izanen du, Hego Euskal Herriari begirako akordio estrategiko baten bitartez.
– Ipar Euskal Herriari dagokionean aldiz, engaiamenduaren deklinazio zehatza udazkenean landuko da.
Erran bezala, deklinazio horietan, lan ardatz konkretuak eta ibilmoldeak zehatzuko dira.