Azken hilabeteotan agerraldi eta mobilizazio ezberdinetan behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak ezinbestekoa deritzogu egoera sozioekonomiko larri hau gainditzeko baliagarria izango den proposamen sozio-ekonomikoa bat aurkeztu eta garatzea.
Ugariak izan dira azken urteotan krisialdi ekonomiko larriari erantzuteko eta berau baliatuz Estatu espainiarrak hartu dituen neurri politiko, ekonomiko eta sozialen aurrean Euskal Herrian eman diren herri erantzun masiboak. Azkena, martxoaren 29an Hego Euskal Herrian erabatekoa izan zen greba orokorra dugu.
Mobilizazio eta greba horiek oinarri komuna dute:
· EZETZ esan zaio eredu kapitalistaren azken krisialdiari aurre egiteko ezarri dituzten politikei, krisiaren ondoriok areagotu egiten dituztelako bakarrik, eta beren helburu bakarra sistema bera salbatzea delako, hemendik aurrera ere aurrera jarrai dezan.
· EZETZ esan zaio krisiari aurre egitearen aitzakiapean egiten ari diren erreforma eta
murrizketa guztiei; hamarkadetako borrokaz lorturiko eskubide guztien urraketari eta de facto burutzen ari den Estatuaren zentralizazio politiko eta ekonomikoari.
· Baina era berean, BAIETZ esan zaio justizia sozialean oinarritutako gizarte eredu bati. Zerbitzu publikoak bermatzean eta indartzean oinarritzen dena eta herritarra sistema beraren erdigunean kokatzen duena, bere eskubide sozial, laboral edota beste edozein esparrutakoak lehenetsiz.
· BAIETZ esan zaio bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomiko bati; azken finean justizia sozialean oinarrituriko eredu bati; eredu ekonomikoaren erdigunean bizitza duina ezarriko duena kapitalaren etekinen gainetik.
Herri bezala erantzun diogu Madrildik inposatu nahi diguten gizarte eredu neoliberalari. Euskal Herriak bestelako politikak nahi ditu egiturazko krisi sistemiko honi erantzuteko. Euskal Herriak bere tresna propioak eduki nahi ditu eredu justu eta solidarioa ezartzeko. Euskal Herriak burujabe izan nahi du, kanpotik datozen inposaketak eta politika okerrak geratzeko. Madrilekiko eta Parisekiko menpekotasunak ahuldu egiten gaitu, egoera honi guk nahi bezala aurre egiteko behar ditugun tresnarik gabe uzten gaituelako. Eta bide horretan aurrera egiteko proposamenaren osaketan buru-belarri aritu gara lanean Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleko kideok.
Proposamen honen oinarria burujabetza politiko eta ekonomikoa izango da, eta eredu berri bat lortzeko bidea zehaztuko du, herritarrekin eta eragile sindikal zein sozialekin elkarlanerako bidea irekiaz eta eskua luzatuz. Izan ere Euskal Herri justuagoa eta solidarioagoa guztion artean eraiki behar dugu, elkartasuna eta aniztasuna oinarri izanda. Horregatik ere, eragile sozial eta sindikal zein herritarren ekarpenei irekia egongo den tresna bat den heinean, proposamen bezala definitu dugu. Ekarpen eta iritzi horiek jasotzeari begira, hainbat bilkura eta aurkezpen egiteko asmoa dugu.
PROPOSAMENA
Lau atal nagusi ditu aurkeztuko dugun proposamenak:
1. Egoeraren azterketa: Mundu mailakoa, Estatu espainiar eta frantziarrarena eta azkenik, Euskal Herrikoa.
2. Justizia sozialean oinarrituriko proiektu estrategikoaren oinarriei dagokion atala.
3. Burujabetza ekonomiko eta politikoaren beharra aztertzen eta sakontzen duen atala.
4. Azkenik, eta proposamen honen atal nagusia: krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialari aurre egiteko ildo nagusiak barnebiltzen dituen atala.
AURKEZPENA
Proposamen sozioekonomikoa Maiatzaren 1ean, hau da, Langileen Nazioarteko Egunean, egingo dugu publiko, irtenbidea.net eta haysalida.net webguneetan eta sare sozialen bitartez zabalduz.
Era berean, berau jendarteratzeko ekitaldiak burutuko ditugu, maiatzaren 6ean Iruñean eta maiatzaren 19an Bilbon. Aurrerantzean, hitzaldi eta aurkezpen gehiago burutuko ditugu hainbat hiri eta herritan.