Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek Jaizkibel konpainia zoriondu du gaur, BERRIA egunkariak jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak Hondarribiko alarde mistoaren alde egin duelako, iazko irailean Herrizaingo Sailak hartu zuen erabakia agerian utzita. Epaiaren arabera, “funtsik gabeko ibilbide aldaketa” inposatu zion Rodolfo Aresen sailak alarde publikoari, “ez baitzegoen aurreko urteetako ibilbidea aldatzeko arrazoirik”.
Gainera, auzitegiak “Ertzaintzak galarazitako ibilbide zatiaren izaera sinbolikoa aitortu” du, konpainiarekin desfilatu zuten gizon-emakumeen protestak ontzat emanez, “esan zutenez, denbora bost urte atzera egin zutela sentitu zuten bazterketarik gabeko festa publikoaren eta parte-hartzailearen aldeko aldarrikapenean”.
Etxartek esan duenez, “kointzidentzia eta ironia” handia da epaia Irungo eta Hondarribiko alarde publikoek Emakunderen Berdintasun Saria jaso behar duten egun berean ezagutzera ematea, “bi gertaera hauek Lopezen gobernuan Berdintasun politikek duten garrantzi eskasaren adierazle direlako, Aresi Emakundek hartutako erabakien kontra egitea baimentzen baitiote”. Hala, “deitoragarria” iritzi dio “Emakundek saritzen duen alarde publikoak Aresen zigorra pairatzen dutela ikusi behar” izateari.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, egoera honek baditu aurrekariak, “duela gutxi ikusi dugu Emakunderi zein berdintasun politikak egun kudeatzen dituzten beste sailei Rodolfo Aresek zuzendutako taldearen mesederako eskumenak kendu nahi zizkion lege aurreproiektua ezarri nahi zutela”, azkenean bertan behera utzi zuten arren, talde feministek eta EAEko erakunde desberdinetako berdintasun teknikariek eginiko salaketen eta presioaren ondorioz.
Azkenik, Alternatibako bozeramaileak alarde publikoak zoriondu ditu, gaur jasotako saria “ondo merezitakoa” delako, baina azpimarratu egin du “erakunde publikoen partetik askoz aitortza zabalgoa merezi dutela Irunen eta Hondarribian bazterketarik gabeko jaietan parte hartzeko eskubidea 15 urtez defendatu duten guztiei, haien udal gobernuen oztopoen gainetik ere”.